'Hiria salgai' lelopean manifestazioa egingo du Donostia Defendatuz koordinakundeak
Bulebarrean aurkeztu dituzte gaur goizean maiatzaren 4rako deitu duten manifestazioaren nondik norakoak. Donostia Defendatuz koordinakundeak antolatu du mobilizazioa, eta hiriko eragile ugarik eman dute atxikimendua. Protesta Easo plazatik abiatuko da larunbatean, 17:30ean, Hiria salgai lelopean.
Deialdiarekin bat egin duten hainbat eragiletako ordezkariek hartu dute parte gaurko agerraldian, eta azaldu dute protestaren helburua dela udalaren kudeaketa eredu “tamalgarria” eta horrek hiriarekiko marrazten duen etorkizuna salatzea. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, hiriko indar politiko guztiek herritarren “desadostasun zabalaren berri” izan dezaten nahi dute. Era berean, “parte-hartzea, gardentasuna, giza eskubideak eta legalitatea ardatz dituen donostiarrengandik eta donostiarrentzako eraikitako hiri eredu bat” babestuko dute.
Bulebarreko kioskoaren aurrean egindako agerraldian hiria eta donostiarren bizitza era nabarmen aldatzen ari dela ohartarazi dute, eta udal gobernuaren politikak eta erabakiak jarri dituzte jomugan: “Gure hiria oso hiri eredu desberdin batera bultzatzen duten erabaki handiak hiritarren bizkarrera eta isileko mantupean ari dira hartzen, eta interes ekonomiko handiak dituzten botere eta enpresei egiten zaie mesede”.
Lau urte, aldaketa ugari
Donostia Defendatuz plataformak Donostian azken urteetan hartutako erabaki politikoen errepasoa egin du. “Erabaki horiek herritarrentzat oharkabean ematen diren arren, multzoan hiria eta donostiarren bizitza era nabarmen eta itzulezinean ari dira aldatzen”, azpimarratu dute.
Alde batetik, “proiektu espekulatibotarako” eta xede turistikoei jarraituz udalak 33 hotel eraikitzeko lizentziak baimendu dituela salatu dute, baita babesgabeturik zeuden 22 eraikin berezi bota dituztela ere. “Xede turistikoarekin eta sustatzaile handien diru kutxak betetzeko, donostiar guztion hiri paisaia osatzen duen ondare historikoa galtzen ari dira”, azaldu dute. Jarraitzen ari diren “turismo globalizatu” ereduak “hiriaren transformazioa, auzo eta toki publikoen jentrifikazioa, eta turistifikazio saihetsezina” ekarriko dituela kritikatu dute.
Bestetik, topoaren igarobidearen proiektua gogor kritikatu dute: “Donostia, Kontxa eta bere zimenduak zulatzen ari dira, ehunka milioiko kostua duen metroa egiteko”. Baieztatu dute hiriaren garraio-azpiegiturari erreparatuta, proiektuaren beharra justifika ezina dela, eta gainera, herritarren desadostasunaren gainetik onartu eta gauzatzen ari direla.
Halaber, Donostia eta inguruko saltoki txikien iraupena arriskuan dagoela ohartarazi dute, “Eusko Legebiltzarraren irizpideari gor eginez” Donostiako Udalak 180.ooo metro karratuko azalera handiko saltoki parkeak irekitzeko tramitazioa hasi duelako. Azkenik, udalak ingurumen gaien kudeaketa salatu dute: “Donostiarrak larrituta ikusten ari gara nola azken hilabeteotan gure kaleotatik 1000 zuhaitz baino gehiago moztu diren”. Lourdes Txiki baso zatiaren mozketa eta Belartza 2 merkataritza gune handiaren proiektua kritikatu dituzte.
Herritarrak larunbateko manifestaziora deitzeko bideo bat egin du Donostia Defendatuz koordinakundeak:
Honakoak dira atxikimendua eman duten eragileak:
- Alde Zaharra KKE
- Altza XXI Herri Ekimena
- AZPI Kultur Elkartea
- CGT-LKN Gipuzkoa
- CNT-Gipuzkoa
- Comisiones Obreras
- Hirugarren Adina Hirugarren Mundurako GGK
- Donostiako Bilgune Feminista
- Donostimotor Kulturl Elkartea
- Egia Bizirik Auzo Elkartea
- Eguzki talde ekologista
- Ekologistak Martxan
- ELA sindikatua
- Elkarrekin Bizi Asociacion Entre Culturas
- Emigrados Sin Fronteras
- Ernai
- Errausketaren Aurkako Mugimendua
- Euskal Toki Elkarte Kulturala
- Gipuzkoa Zutik
- Herria Kultur Elkartea
- Herripe Auzo Elkartea
- Hondarpe Groseko Auzo Elkartea
- Intxaurdi Auzo Elkartea
- ISF: Ingenieria Sin Fronteras
- LAB sindikatua
- Foro Ametzagaña
- Largantza
- Liher Musika Kultur Elkartea
- Mugen Gainetik
- Naturkon
- Parte Zaharrean Bizi
- Plataforma de afectados por Lanbide
- Sindicato de Estudiantes
- Stop Kaleratzeak Gipuzkoa
- Tambo Club de Pesca
- Uliako Lore Baratzak ingurumen elkartea
- Zentax Asociacion gipuzkoana de automodelos