Jarduera ugari antolatu ditu Bagera elkarteak maiatzerako
Askotariko jarduerek osatzen dute Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak maiatzerako osatu duen egitaraua. Hainbat esparrutara hurbiltzeko aukera izango dute jardueretan parte hartzen duten herritarrek, eta guzti horietatik, nabarmentzekoa da maiatzaren 10ean IRUTXULOKO HITZArekin batera egingo duen Bageralako Nor! festa aurkitzen da. Doka Kafe Antzokian izango da jaialdia, eta Atzean Zuloa-ko kideek bakarrizketa egingo dute. Gainera, Kilimak, Nerabe, North-asuna eta Rude Kanka artistek musika emanaldiak eskainiko dituzte ere, 19:00etatik aurrera.
Hona hemen gainerako jardueren inguruko informazioa:
Elkarrizketa Filosofikoak
- Maiatzaren 6an izango da hilabete honetako Elkarrizketa Filosofikoa, ohi bezala, 19:00etatik 20:30era Urrats Euskaltegian.
- Gaia: Gorpuztasuna.
- Testua: Gorputzez gorputz iraun. Mugimendua elkarrekin-egote gisara. Feminismoa eta politikaren eraldaketak. Mari Luz Esteban (Lisipe 2.- Susa) Epilogoa (101-108 or.)
- Irakurgai osagarriak:
a) “Mugimendu feministak bake prozesuan parte hartu behar du” (Argia 2595. alea).
b) Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak. Uxue Alberdi (Lisipe 5.- Susa).
c) Idazleen gorputzak. Eider Rodriguez. (Lisipe 6.- Susa).
Bageralako Nor Festa
Bagera Elkarteak eta Irutxuloko Hitzak Bageralako Nor! festa egingo dute maiatzaren 10ean, Antiguako Doka kafe antzokian. Atzean Zuloakeko kideek bakarrizketa egingo dute, eta Kilimak, Nerabe, North-asuna eta Rude Kanka artistek musika emanaldiak eskainiko dituzte ere, 19:00etatik aurrera.
Jaialdirako sarrerak (5 euro) jada salgai daude Plateron (Antigua), Pandoran (Gros), Aurreskun (Parte Zaharra), IRUTXULOKO HITZAren egoitzan (Ametzagaña 19, behea) eta Bagera Elkartearen egoitzan (Hernani 15, behea).
Donostiako udalerako hizkuntza politikaren inguruko mahai ingurua
Maiatzaren 15ean, 19:00etan, Donostiako udalerako hizkuntza politikaren inguruko mahai ingurua antolatu du Bagera Elkarteak San Telmo Museoan.
Mahai inguruan, Miren Azkarate Villarrek (EAJ-PNV), Reyes Carrere Zabalak (EHBildu), Sabin Zubirik (Ekarrekin Podemos) eta PSE-EEko ordezkari batek (zehazteke) hartuko dute parte. Bi orduko mahai ingurua izango da. Ordubetean beraiei eskainiko diegu tartea bakoitzaren hizkuntza politika zein izango den azaltzeko eta bigarren orduan galderetarako tartea irekiko dugu. Abiatzeko, galdera bakarra: Zein da zure alderdiak datozen lau urteetan Donostian aurrera eramango duen hizkuntza politika?
Iruña- Veleiara irteera
Maiatzaren 12an Arabako Iruña Okan dagoen Iruña-Veleia aztarnategi historikora bisita antolatu dugu. Iruña-Veleiako Gasteiztik 10 kilometrora dagoen erromatar hiri bat zen. 2006an, aurkikuntza epigrafiko harrigarri batzuk egin ziren, eta besteak beste euskarazko idatziak topatu zituzten. Polemika piztu zen EHUk eta Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela esan zutenean. 11:00ak aldera izango dugu Iruña-Veleian bisita, aurkikuntza benetakoa dela babesten duen Juan Martin Elexpururen eskutik. Bisitaren ondoren bazkaria izango dugu eta Elexpuru gurekin izango da, solasaldirako aukera emanez.
Irteera ordua goizeko 09:00etan jarri dugu Donostiatik. Kotxeetan joango gara eta hitzordua Renfeko Norteko geltokian jarri dugu. Animatuz gero, irteeraren prezioa 30 euro da (bisita, bazkaria eta garraioa barne) eta ohiko kontuan egin behar da diru sarrera kontzeptuan izena eta abizena jarriz maiatzaren 9rako (ES33 30350092570920042476 laboraleko kontuan). Kotxea eramaterik baduzu ere eskertuko genizuke jakinaraztea.
Donostiako Kantu Jira eta Erromeria
Maiatzaren 18an, 18:30etik aurrera, Bagera Elkarteak, Udaleko Musika eta Dantza Eskolaren laguntzaz, euskal dantza tradizionalen inguruko erromeria antolatu du Parte Zaharreko Plaza Berrian. Nora Gartzia eta Jone Murua izango dira dinamizatzaileak. Eguerdian, berriz, Donostiako Kantu Jiran elkartuko gara euskal kanta tradizionalak abesteko. Ohi bezala, Elkar Megadendatik abiatuta.
Mintzodromoa maiatzaren 28an
Ikasturtea amaitu aurretik maiatzaren 28an egingo dugu azken mintzodromoa San Telmo Museoan. Ohi bezala, bi txanda izango ditugu 10etan eta 11etan. Animatuz gero, jarri gurekin harremanetan izena emateko.
Mintzalagunaren 25. urteurrena
Duela 25 ikasturte Bagerak jarri zuen martxan Mintzalaguna egitasmoa. Horren ondoren, Euskal Herriko herri eta hirietara ere zabaldu da.
Urteurrenak merezi duelako ospakizun jaialdi bat antolatu dugu ekainaren 14an. Mintzalagunean ari zareten guztiak eta 25 urte hauetan zehar aritu direnak elkartu nahi ditugu, beraz, aurreko ikasturteko mintzalagunekin harremanik baduzue animatu itzazue urteurrenean parte hartzen! Arratsaldeko 19:00etan San Telmo Museoan ekitaldia izango da eta ondoren Kresala elkartean afalduko dugu. Afarirako txartelak maiatzaren 15etik aurrera izango ditugu salgai Bagera elkartean, beraz, azkar ibili eta eskuratu zure txartela!
Mintzalagun bidelagunen beharra
Mintzalagunean bi laguntzaile ordezkatzeko bi lagun behar ditugu, maiatza eta ekainerako. Honakoak bi egunetarako: asteartetan 20:00etan Antiguan eta asteazkenetan 20:15etan Erdialdean. Animatuz gero, jarri gurekin harremanetan, mila esker!