Kontxa pasealekua oinezkoentzat egin nahi du Ernesto Gascok
Mirakontxa hasieratik –La Perla bainuetxea dagoen tokitik– Antiguako tunelera doan Kontxa pasealekuko zatia oinezkoentzat egiteko aurreproiektua aurkeztu du Ernesto Gasco PSE-EEko alkategaiak gaur goizean. Gascok azaldu duenez, kilometro bateko luzera izango luke pasealeku berriak, 18.000 metro karratuko zabalera, ibilgailuak azpitik pasatuko lirateke, zonalde berdeak izango lituzke, eta baita espaloitik argi desberdindutako bidegorri bat ere.
Alkategaiaren arabera, hiriko zonaldeak oinezkoentzat egitea ez da azken legealdien ezaugarri bat izan, eta horretan jarri nahi du arreta Gascok. Haren esanetan, “Donostiak merezi duen proiektu bat” delako aurkeztu du aurreproiektu hau. Azaldu duenez, proiektua ez doa ibilgailuen zirkulazioaren kontra, “bideko segurtasuna bermatu eta oinezkoen segurtasuna hobetu” nahi dutela baizik. Bestalde, hiriko mendebaldeko aldea eta Erdialdea hobeto komunikatuko dituela gogoratu du Gascok.
Aurrekontuari dagokionez, oraindik zifra zehatzik ez dutela adierazi du alkategaiak, baina “16 edo 17 milioikoa” izatea aurreikusten dutela. Horrekin batera, Iztuetako zonaldea ere oinezkoentzat egiteko proiektua dutela gogoratu du Gascok.