Umore zuriko komedia txikia
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘LA PEQUEÑA SUIZA’
Zuzendaria: Kepa Sojo
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Euskal zineari buruz hitz egiten dugunean badaude agertzen diren topikoak: Ama Lur filmak nola guztia hasi zuen, beti gaudela euskarazko lehen film bat aurkitu nahian (Gotzon Elortzaren dokumentaletan, edo Gure Sor Lekua filmean, edo auskalo zein lehen harritan), 80ko eta 90eko euskal zinegileen eklosioak nola zabaldu zituen gure hegoak, XXI. mendeko loraldi berriaren garrantzia, gure animazioaren kalitate bikaina, zein profesionalak eta langile onak diren euskal teknikariak, zenbat aniztasun dagoen gure antzezlari-taldean, eta abar bukaezin bat. Honekin guztiarekin, euskal zineman aurkitzen ditugu beti hor ditugun batzuk, askotan itzalean, zarata handirik egin gabe, baina edozein unetan berriz gurera datozenak. Horietako bat Kepa Sojo laudioarra dugu.
Bigarren film luzea estreinatu berri du, La pequeña Suiza, baina Sojoren ibilbidea zineman aspaldi hasi zen, 100 maneras de hacer el pollo al txilindron film laburra 1997an aurkeztu zuenean. Gaur arte 7 dira egin dituen film laburrak, eta guztietan sumatu daiteke bere tolesgabetasuna, konplexurik gabeko lanak baitira denak. Umorea izaten ohi da Sojoren lanen osagai nabariena, baina baita ere bere zinemazaletasuna, eta horrek nahasketa bitxiak ematen ditu, omenaldi txikiak bihurtuz bere filmak: Looking for Chenchok 1962ko La gran familia filmaren unerik gogoangarriena hartzen du aitzakia gisa; Cuando puedas lanak Mirindas asesinasen oihartzunak ditu (Alex de la Iglesiaren film labur sonatuena); Loco con ballesta film laburrak komedia eta psikopaten generoak nahasten ditu; eta Hileta Dreyeren lanik ezagunenaren mimesia da, Ordetena; hori bai, euskaraz eta ukitu beldurgarriaz.
La pequeña Suiza film luzea ez da ohiko ibilbidetik urruntzen, eta Sojoren kostunbrismoak, zinemazaletasunak eta umore «zuriak» hor jarraitzen dute, eta horregatik bi topatu ditzakegu erreferentzia-puntu gisa. Lehenik, Luis Garcia Berlangaren komediak, batez ere Sojok hain maitatua duen Bienvenido Mr. Marshall (1953). Bestetik, Ealing britainiar estudioaren komedia bat, Passport to Pimlico (Henry Cornelius, 1950), han gertatzen den argumentua gurera ekarri baitu zuzendari laudioarrak. Film britainiarrean Londresko Pimlico auzoan Borgoina frantsesaren parte direnaren dokumentu bat topatzen dute, eta horrek independenteak eta borgoinarrak aldarrikatzera bideratzen ditu. Sojoren filmean antzekoa gertatzen da: Euskadin kokatutako baina gaztelarra den Telleria herriko biztanleek aspaldiko desioa daukate, behingoz euskaldunak bihurtzea (Trebiñu gogoan). Baina lortzen ez dutenez, aurkikuntza bitxi batek (elizaren azpiko kriptan Gilen Tell heroi suitzarraren semearen hilobia) beste herrialde baten atea jotzera eramango ditu: Suitza.
Filmean txisteak ateratzen dira bata bestearen atzetik, batzuetan argiak, besteetan topikoegiak diren egoerez baliatuz, eta guztia komedia erromantikoko antzezleku batean. Dena den, La pequeña Suizaren osagairik baliagarrienetariko bat, agertzen diren aktoreak dira, bakoitzaren komikotasuna maila desberdinetan erakusten baititu. Protagonistak Jon Plazaola eta Maggie Civantos diren arren, gatzdunenak bigarren mailako aktoreak dira. Horrela, Secun de la Rosa, Kandido Uranga eta Enrique Villen, Maribel Salas eta Mikel Losadak «berlangiar» modura eszenak «lapurtzen» dituzte.