Zabalik da 'Oporretan euskaraz' udalekuetan izena emateko epea
Urtero bezala ‘Oporrak Euskaraz’ udaleku irekiak antolatu ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak, eta gaur zabaldu dute izena emateko epea. Maiatzaren 10a arte egongo da irekita izen-ematea eta hainbat modutan egin ahalko da. Alde batetik, Internet bidez www.donostiaeuskaraz.eus edo www.donostia.eus helbideetan, eta bestetik, 9:00-15:30 ordutegian Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, Konstituzio plazaren 2an.
Udaleko Euskara Zerbitzuak 25 urtetik gora daramatza udalekuak antolatzen, eta antolatzaileen arabera, euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria da oso, udaleku horiek euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako.
Udaleku irekietan 2008tik 2014ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haur donostiarrek har dezakete parte, eta plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira 76 talde osatu bitartean. Taldeak, gehienez ere, hamabi haurrez osatutakoak izango dira eta hizkuntza ereduaren, jaiotza urtearen eta umeen jasotze puntuaren arabera eratuko dituzte. Maiatzaren 15ean egingo dute zozka, eta emaitzak egun berean, arratsaldez, kontsultatu ahal izango dituzte herritarrek, aurrez aipaturiko bi webguneetan.
Udalekuak uztailaren 1etik 30era bitartean izango dira, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:00etara, haur hezkuntzakoek izan ezik. Egun horietan askotariko jarduerak egiten dituzte, besteak beste, hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haur txokoetako gelak erabiltzen dituzte jolas, tailer eta txapelketak egiteko, eta ingurumena lantzen dute. Gainera, udan Donostian antolatzen diren beste hainbat egitasmotan parte hartzen dute, hala nola, Jazzaldian, Pilota Eskolan, San Telmo Museoko jardueretan, eta abar.
Kuota desberdinak familia motaren arabera
Hilabete osoko kuota arrunta 164,06 eurokoa da. Hala ere, familia ugariek edota guraso bakarrekoek % 75a ordainduko dute, hau da, 123,04 euro. Familia ugari bereziek, aldiz, kuotaren %50a, 82,03 euro. Azkenik, gizarte-laguntza jasotzen duten familiek kuotaren %10a ordainduko dute, 16,40 euro. Prezio horietan garraioa eta materiala sartuta daude.