Antiguara sartzeko atea
Donostiar guztientzat aski ezaguna da Antiguako tunela, Erdialdetik hara joateko era bakarra baita. Agian gutxiagok jakingo dutena da Miramar jauregia eraikitzeko egin zutela, eta badia guztian itsasoa ikusten ez den puntu bakarra dela
Gaur egun Miramar jauregia dagoen tokian, Antiguako eliza zaharra zegoen XIX. mendearen amaieran. Hiru mende zeramatzan eliza horrek han, eta berreraikitze bat ere izan zuen, Lehen Karlistada dela eta.
XIX. mendearen azken urteetan, ordea, lursail horretan Miramar jauregia eraikitzeko erabakia hartu zuen Espainiako errege familiak, udak han igaro nahi zituelako. Hori dela eta, hurbileko lursail batera lekualdatu zuten eliza 1888an, eta Miramar jauregia eraikitzeari ekin zioten hurrengo urtean.
Ez zen batere erraza izan Espainiako errege familiaren nahia betetzea. Izan ere, inguruko lursail partikular txiki asko erosi behar izan zituzten, eta, garrantzitsuena, tranbia eta trafikoa pasatzeko tunel bat egin behar izan zuten, jauregiaren azpitik pasako zena.
1889an hasi ziren tunela eraikitzen, eta 1890eko hamarkadako lehen urteetan bukatu zuten, baina trafikoa eta tranbiarentzat soilik izan zen. Oinezkoentzako tunela ez zuten XX. mendeko bigarren erdirarte eraiki. Gaur egun, 100 metroko luzera eta 14 metroko zabalera ditu tunelak. Jauregiari dagokionez, 1893an inauguratu zuen errege familiak.
Itsasorik ez
Antiguako sarbidea izateaz gain, beste berezitasun bat ere badu tunelak. Izan ere, Kontxako badiatik paseatzerakoan, ibilbide guztian zehar itsasoa ikusten da alde batean, puntu bakar batean izan ezik: Antiguako tunelean.
Horregatik, 2016an, Victor Goikoetxea artistak itsasoa islatu nahi izan zuen oinezkoen tunelean, eta gaur egun ikus daitekeen obra egin zuen, nolabait tunelean ere itsasoa ikusgai egoteko.