Auzoei eman nahi die garrantzia Eneko Goiak
Bere programaren nondik norakoak azaldu ditu Eneko Goiak, EAJko Donostiako alkategaiak, gaur goizean hedabideekin egin duen gosarian. “Auzoak mugarri” direla adierazi du Goiak, “auzoetatik kezka asko” jaso dituztelako, eta garrantzia dutelako Donostia “hiri kohesionatu bat” izateko. Horren harira, gehitu du “proiektu handiak” bezain garrantzitsuak direla “proiektu ez hain handiak, hiritarrei zuzenean eragiten dietelako”.
Bestalde, azken lau urteetan hiriak “nabarmen” aurrera egin duela deritzo alkategai jeltzaleak, azaldu duenez, langabezia tasa %11tik %8ra jaitsi baitute. Hurrengo legealdian langabezia tasa gehiago jaisteko helburua dutela esan du Goiak, “kalitatezko lanpostuak sortuz”.
Bere programaren nondik norakoak bost bloketan banatu ditu alkategaiak: Hiri oparoa, Etxebizitza, Guztientzako hiria, Hiri erreferentea eta Kudeaketa zuzena eta zorrotza.
Lehenengo blokeari dagokionez, “gizarte kohesioa” lortzeko bidean, Eskusaitzetan arreta berezia jarriko dutela esan du lehenik eta behin. Gipuzkoako industria poligono handiena da, eta “bete” nahi dutela adierazi du Goiak. Horretarako, “elektromugikortasunaren inguruko proiektuan” egin nahi duten apustua aipatu jeltzaleak, besteak beste. Biozientzien esparruan ere apustua egin nahi dutela azaldu du Goiak, donostiarren “ezagutza eta talentua” hirian gelditzeko.
Etxebizitzaren blokearekin jarraitu du Goiak, Donostia “bizitzeko hiri bat” izatea nahi dutela esanez. Horretarako, hurrengo legealdian “4.000 etxebizitza berri” eraiki nahi dituztela azaldu du, “horietako 2.000 babes ofizialekoak” izango direlarik. Horretarako, Loiolako kuartelak hiriarentzat berreskuratzea “ezinbestekoa” dela deritzo Goiak, Urumea ibaiko ibarra baita etxebizitzak eraikitzeko jeltzaleen apustu nagusia. Zentzu berean, Antzieta, Sarrueta, Lorategi Hiria, Aldakonea, El Pilar, Illarra, Infernua eta Jolastokietako zonaldeak ere garatu nahi ditu EAJk. Etxebizitzarekin batera, hiriko zonaldeak oinezkoentzat egitearen garrantzia nabarmendu du Goiak, eta Isabel II.a kaleko eta Easo plazako proiektuak aipatu ditu.
Hirugarrenik, “komunitatea” sendotu nahi dute jeltzaleek, “oinezkoak protagonista” bihurtuz. Horretarako, gizarte zerbitzuen sarea, kirol instalazioak, kultur etxeak eta zahar etxeak hobetzeko helburua dute.
Bestalde, bi hiri mota daudela adierazi du Goiak: “beste hiriak kopiatzen dituztenak, eta kopiatuak diren hiriak”. “Donostia bigarren mota horretako hiria” izatea nahi du alkategaiak, eta erreferente izateko lau arlo aipatu ditu: “Donostia euskararen hiria” dela esan du eta izaten jarraitu behar duela. “Kulturaren eta sorkuntzaren hiria” ere badela nabarmendu du, Tabakalerako proiektua eta Santa Klara uharteko itsasargiko Cristina Iglesiasen obra aipatuz. Gastronomiak hirian duen garrantzia ere aipatu du Goiak, eta Donostiako gastronomiaren ezaugarriak “berrikuntza eta kalitatea” direla. Azkenik, Donostiak “giza eskubideetan eta bizikidetzan” erreferente izan behar duela azpimarratu du: “Irudi txarra izan genuen iraganean, baina bizikidetzan aurrera egiteko pausoak eman ditu Donostiak”.
Azkenik, “hiritarrak helburu nagusia” izanik, “kudeaketa zuzena eta zorrotza” egin nahi dutela azaldu du Goiak. Alde batetik, hiritarrei arreta emateko leihatila bakarra egin nahi dutela esan du jeltzaleak, eta, bestetik, kudeaketa garden bat izateko eta politikariek zintzoki jokatzeko “kode etiko bat” garatu nahi dutela.