"Ez dut donostia oso mobilizatuta ikusten"
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak pasata, hilabete bat baino gutxiago gelditzen da herritarrak berriz bozkatzera joateko, udal eta foru hauteskundeetan oraingoan. Hauteskunde orokorren ondorengo egoera aztertu du Felix Arrieta Frutos politologo eta irakasleak, maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira gako batzuk emanez.
Hauteskunde orokorrak pasata, zein da gaur egungo egoera?
Espainiako logikatik ikusita, nabaria da alderdi sozialistak izan duen gorakada, eta, eskuinak izan duen fragmentazioa dela eta, Alderdi Popularrak bizi duen jaitsiera. Bi logika horiek, eta ultraeskuina parlamentuan sartu izana dira, nire ustez, hauteskunde hauetako albiste nagusiak.
Fenomeno bitxi bat gertatu da Euskal Herrian, bereziki erkidegoan: Orain arte, estatuko alderdi batek gora egiten zuenean, abertzaleek behera egiten zuten normalean. Boto dualaren fenomeno hori askotan gertatzen zen Espainiako hauteskundeetan, eta hauetan ez da gertatu. Izan ere, nahiz eta alderdi sozialistak gora egin duen, EAJk eta EH Bilduk ere gora egin dute. Elementu hori garrantzitsua da ulertzeko zein perspektibarekin enfokatzen dituzten biek hurrengo hilabeteko hauteskundeak.
Ultraeskuinaren beldurraren aurrean, EAJk eta EH Bilduk gora egin dute. Joera hori mantenduko da?
Nik uste dut Voxek mobilizazioa ekarri duela, eta ikusi beharko dugu mobilizazio horren nondik norakoak zeintzuk izan diren. Baina, Donostiako datuak ikusita, esan daiteke duela lau urteko joera mantentzen dela, udal hauteskundeei dagokienez behintzat. Hau da, EAJ mantentzen da lehenengo indar gisa, sozialistak ere indartzen dira, eta EH Bilduren igoera bat markatzen du, nahiz eta hirugarren indar gisa mantentzen den. Termometro bat izan daiteke udal hauteskundeei begira, baina termometro bat baino ez.
Espainiako eskuinaren beherakada mantenduko da Donostiako udal hauteskundeetan?
Donostian, PPren kasuan bi fenomeno batzen dira: alde batetik, eskuinaren fragmentazioak izango duen eragina, eta, bestetik, Semperren kanpainak Casadoren diskurtsoarekin dituen desberdintasunak. Horrek, eskuin muturretik botoak galtzea eragin diezaioke, baina baita duela lau EAJra joan ziren boto batzuk errekuperatzea ere.
Podemos eta Irabazi elkarrekin joateak mesede egingo die?
Inkesten arabera, ez da aldaketa gehiegirik emango Elkarrekin Podemosen espazioan Donostian. Hauteskunde orokorren emaitzek Elkarrekin Podemosen espazioa kontsolidatzen dute estatuan eta baita Euskal Herrian ere. Donostian bere espazioa izan dezake Elkarrekin Podemosek, baina bere kontra eragiten du hautagaiaren ezezagutzak. Izan ere, Aitzole Araneta ez da orain arte publikoki ezagutzera eman den pertsona bat izan. Beraz, markak eragingo du hautagaiak baino gehiago, baina markaren pisua duela lau urteko leherketatik erlatibizatu egin da. Horregatik, ez dut uste Elkarrekin Podemosen emaitzak Irabazik izan zituenetatik asko desberdinduko direnik.
Nola ikusten duzu Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren arteko botoen lehia Donostian?
Egia da bi alderdien arteko botoak halaxe joan direla batetik bestera, baina praktikan egoera ez da aldatu. Bestalde, garrantzitsua da EH Bilduk hautagaitza berritua aurkeztea, baina baita hautagaitza berritu horrek, alderdiak estatuan transmititu dituen ideien antzekotasunak transmititzea kanpainan. Uste dut orain arteko tendentzia mantenduko dela, baina ikusi beharko dugu nolako eragina izango duen horrek azken emaitzetan.
Espainian PSOEk izan duen gorakada nabarituko du PSE-EEk Donostian?
Nik uste dut PSE-EEk nabarituko duela gorakada hori, estatuan perspektiba positibo bat izateak positiboan eragiten diolako PSE-EEri. Bere perspektiba askoz hobea izan daitekeela esan nahi du horrek? Seguru aski ez. Duela lau urteko emaitza onetatik etortzeak espektatiba horiek mantentzeko lagundu diezaioke, eta baita kanpaina erakargarri bat egiteko ere. Zaila ikusten dut PSE-EEren egoera asko aldatzea, baina olatu positibo horrek eragin diezaioke boto gehiago lortzeko.
EAJk ere nabarmen egin du gora. Horrela jarraituko du?
EAJk Donostiako hauteskundeetan erronka bat duela uste dut: Duela lau urteko garaipena zirkunstantziala izan zen edo tendentzia bat sortuko den ikustea, hain zuzen. Gogoratu behar da hiri honek azken 12 urteetan hiru alderditako hiru alkate izan dituela: Odon Elorza PSE-EEkoa, Juan Karlos Izagirre EH Bildukoa eta Eneko Goia EAJkoa. Emaitzak ikusita, ematen du EAJren garaipena errepikatzea izan daitekeela tendentzia.
Donostiako udal gobernuaren azken legealdiko balorazio bat egingo zenuke?
Nik esango nuke EAJk proiektu bat kontsolidatzeko erronka bat zuela aurretik, eta lau urte hauetan kontsolidatu duela. Uste dut duela lau urte alkatearen perfila baxu samarra zela, eta Eneko Goiak azken lau urteetan lortu duela bere alkate irudia sendotzea. Bestalde, udal gobernuak agerian utzi ditu EAJk eta PSE-EEk dituzten desberdintasunak, eta Ernesto Gascoren izaerak harremana baldintzatu izanak ere eragina izan du. Hala ere, bi sozioek elkarrekin ondo egin dute lan, nahiz eta liskarrak egon diren. Baina hiri mailako balorazioa hiritarrei dagokie.
Parte-hartzea igo da hauteskunde orokorretan. Udal hauteskundeetan mantenduko da hori?
Alderdiak mantentzen saiatuko dira, baina zaila da. Parte-hartzearen igoeraren arrazoia ultraeskuinaren mamua izan dela uste dut, baina galdera da hilabete bat gehiago iraungo duen mobilizazio horrek. Zaila izango dela iruditzen zait, baina egia da jende gehiagok bozkatu ohi duela tokiko hauteskundeetan, orokorretan baino. Hala ere, ez dut Donostia oso mobilizatua ikusten.
Zergatik egoten da abstentzio altuena errenta txikiena duten auzoetan?
Braulio Gomez lankideak egin du horren inguruko ikerketa sakon bat, eta argi erakutsi du baliabide gutxiago dituzten auzoetan gutxiago bozkatzen dela. Hori espektatiba talka bat dagoelako gertatzen da, jendeak ez duelako uste sistema politikoan parte hartzeak bere egoera aldatuko duenik. Sistema gisa erronka nabarmen bat daukagu denok hor.
Jendeak desberdin bozkatzen du hauteskunde orokorretan eta udal hauteskundeetan?
Logika pragmatiko batetik egiten da normalean: Espainiako estatuan eragin handiagoa zeinek izan dezakeen begiratzen da, eta horren arabera aukeratzen da bata edo bestea. Hauteskunde orokor hauek erakutsi dutena izan da logika hori hautsi egin dela. Hau da, alderdi sozialista igo egin da, baina baita alderdi abertzaleak ere. Beraz, horrek tendentzia bat marka diezaguke hurrengo hauteskundeetarako. Hala ere, tokiko hauteskundeek duten berezitasuna hautagaiaren pisu espezifikoa da. Hori aldagai bat izaten da hauteskunde batzuetan eta besteetan botoa aldatzeko. Donostian, ordea, ez zait iruditzen fenomeno hori emango denik, hautagai guztien perfila nahiko alderdi perfila delako.
Gaur egungo akordioak mantenduko dira Donostiako Udalean?
Itxura guztia du baietz. Hauteskunde aurretik akordioa hautsi ez badute, eta zenbakiek ematen badute, jarraitzko aukerak egongo dira. Ez da ahaztu behar aldundietan ere elkarrekin daudela, eta bakoitzaren perspektibatik zentzuzkoa dirudi akordioak errepikatzea.
Pronostiko bat egingo zenuke?
Logika mantenduko dela uste dut, baina ez naiz zenbakiak ematera ausartzen, tranpatia izaten da hori. Uste dut EAJk irabaziko duela. Zalantza egon daiteke bigarren postua PSE-EEk edo EH Bilduk eskuratuko duten. Bestalde, ausartuko nintzateke esatera Elkarrekin Podemos PPren aurretik geldituko dela.
DATUAK:
2019ko espainiako gorteetarako hauteskundeak:
Joan den igandean izandako Espainiako hauteskunde orokorretan, EAJ gailendu zen Donostian (30.922 boto). PSE-EE izan zen bigarrena (23.324 boto), Elkarrekin Podemos hirugarrena (19.802 boto), EH Bildu laugarrena (16.740 boto) eta PP bosgarrena (9.263 boto).
2015eko udal hauteskundeak:
EAJk irabazi zituen azken udal hauteskundeak Donostian (29.029 boto, 9 zinegotzi). PSE-EE izan zen bigarrena (24.007 boto, 7 zinegotzi), EH Bildu hirugarrena (20.467 boto, 6 zinegotzi), PP laugarrena (9.272 boto, 3 zinegotzi) eta Irabazi bosgarrena (6.947 boto, 2 zinegotzi).