Hemeretzi haur eta gazte sarituko dituzte 30. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan
Bihar, maiatzaren 4an, egingo dute 30. Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren sari-emate ekitaldia, 12:00etan. Udaletxeko Udalbatza aretoan egingo dute, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, irabazleei eta haien lanei protagonismo berezia emango diete musikaz, bertsoz eta sorpresaz beteriko jaialdian.
Aurtengo lehiaketan hemeretzi haur eta gazteren lanak saritu ditu epaimahaiak, eta beste 43 egileren lanak aipatu ditu. Miren Azkarate Euskarako zinegotzi ordezkariak baieztatu du lehiaketak arrakasta izaten jarraitzen duela: “Benetan poztekoa da hain ibilbide luzeko lehiaketak duen harrera haur eta gazteen artean. Ikus-entzunezkoen, sare sozialen eta plataforma digitalen aroan irakurzaletasunak eta literaturak lekua izaten jarraitzea garrantzitsua da”.
Koldo Mitxelena literatura lehiaketaren aurtengo epaimahaia sei kidek osatu dute: Iñaki Martinarena (“Mattin”) komikigileak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak.
Opariak eta literatura lantegi batean parte hartzeko aukera
Koldo Mitxelena literatura lehiaketaren aurtengo epaimahaia sei kidek osatu dute: Iñaki Martinarena (“Mattin”) komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak. Sarituek kultura eta teknologiarekin zerikusia duten opariak jasoko dituzte, eta aipatuek diploma bat eta liburu bana. Gainera, aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazle eta aipatuek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Denentzako lekurik ez dagoenez, zozketa egingo dute eta irabazleek Zugarramurdin antolatuko den lantegian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera. “Lantegi horretan literatur zaletasuna duten gazteek elkar ezagutzeko aukera dute eta egun zoragarriak igarotzen dituzte. Aukera ezin hobea dute aisialdiaz eta literaturaz gozatzeko”, esan du Miren Azkarate Euskarako zinegotzi ordezkariak.