"Kontzertu bat doan izateak jendea mugitzen du, baina zerbat ordaindu behar bada, ez daude ordaintzeko prest"
15 urte zituenetik ez dio bluesa eta boogie woogie-a jotzeari utzi Paul San Martin piano-jotzaileak (Amara Berri, 1979). La Bella Easo tabernan elkartu gara, eta bere ibilbideaz, musikaz eta Donostiaz eta hitz egin dugu.
Zergatik aukeratu duzu La Bella Easo taberna?
Bizirautea gustatuko litzaidakeen taberna horietako baten adibide argia da. Askotan iruditzen zait gustatzen zaizkidan tabernak ixten dituztela, agian zahartzen ari naizelako izango da: La Gatera itxi zuten, Bay Bay taberna baita ere, Cubi taberna aldatu egin da, eta gaur egungo Akerbeltz ez da nik 1990eko hamarkadako bukaeran ezagutu nuena, Olasoren horma-irudi harekin… Pena eta amorrua ematen du.
Nondik ibiltzen zara normalean?
Orain Erdialdean bizi naizenez, gero eta gehiago ibiltzen naiz handik. Gros ere oso gustuko dut, aukera asko dituen auzo bat iruditzen baitzait. Aurrekoan, esaterako, lagun batekin egon nintzen Geralds tabernan, bere biniloekin… Donostiako Brooklyn-a bezalakoa da. Baina, orokorrean, nahiko bizitza etxetiarra daramat, jotzen dudanean soilik ateratzen naiz.
Nola ikusten duzu Donostia?
Nire hiriarekiko maitasuna eta gorrotoa sentitzen dut, aldi berean. Uste dut horrela izan behar duela, ez dut gustuko bere hiriko gauza guztiak onak direla dioen jendea.
Nola ikusten duzu Donostiako musika eszena?
Zaila da musikatik bizitzea Donostian. Ez daude jotzeko leku asko, eta, gainera, gero eta gutxiago daude. Faltan botatzen dut 1990eko hamarkadan zegoen musika eszena eta tabernen zirkuitua. Donostiako eszena Jazzaldiari oso lotuta dago, jaialdi garaian mugimendu gehiago ikusten baita. Hemen hazi garenok, Jazzaldian kontzertu mitiko asko ikusteko aukera izan dugu, eta denok dugu kontzertu horietakoren bat buruan gordeta. Nik BB King ikusteko aukera izan nuen, oraindik sasoi onean zegoenean, eta txunditu egin ninduen.
Asko jotzen duzu kanpoan?
Kanpoan asko jotzen dut, eta, gainera, Aretxabaletako musika eskolan klaseak ematen ditut. Beraz, astean zehar gutxi egoten naiz Donostian.
Blues zaletasuna dago Donostian?
Nik uste dut bluesa mundu guztiari gustatzen zaion musika mota bat dela, baina jende gehienak ez duela etxean kontsumitzen. Hau da, jendeak zuzenean gozatzen du, baina ez dago blues disko bat erosteko prest, nahiz eta gaur egun diskoak ez dituen inork erosten… Bestalde, kontzertu bat doan izateak jendea mugitzen du, baina zerbait ordaindu behar bada, ez daude ordaintzeko prest.
Nola hasi zinen bluesa entzuten?
Nire lagunek eta nik talde bat sortu genuen [Roadrunners], eta The Doors entzuten hasi ginen, blues dezente jotzen baitzuten garai hartan. Horren harira, beste talde zuri batzuk entzuten hasi ginen: The Rolling Stones, The Animals… Eta hortik talde horietan eragina izan zuten blues musikarietara pasa ginen: Muddy Waters, Bo Diddley, John Lee Hooker… Musikaren historian atzera egin genuen.
Bluesarekin azkar maitemindu nintzen. Nire lehen blues diskoa John Lee Hookerren kasete bat izan zen, non, Johnnie Johnson piano-jotzaileak jotzen zuen, Chuck Berryren piano-jotzailea ere izan zena. Liluratuta gelditu nintzen, eta sakontzen hasi nintzen. Pianoan sakontzen baduzu, boogie woogie-ra iristen zara, hori baita bluesaren piano estilo nagusia.
Noiz hasi zinen pianoa jotzen?
Berandu hasi nintzen, 12 urterekin hartu bainituen lehen klaseak. Baina oso azkar hasi nintzen taldetan jotzen: Pianoarekin hasi eta urtebetera eskolako talde batean jotzen nuen.
15 urterekin jo nuen lehen aldiz taberna batean. Roadrunners taldearekin izan zen, Lasarteko Zulo aretoan. The Allnighters taldearen Groovy y Los Lisergicos talde paraleloaren aurretik jo genuen. Guretzako ikaragarria izan zen. Geroztik, ez diot jotzeari utzi, eta 40 urte ditut. Izan ere, Roadrunners utzi bezain laster, Stay Blues taldea sortu nuen Alvaro Fernandezekin. Ondoren, bakarlari gisa hasi nintzen, musikari askorekin lan egiten, Frantzian jotzen Nico Wayne Toussaint musikariari esker…
Disko berri bat argitaratu berri duzu: A French Session.
Nire bosgarren diskoa da, eta nahiko ondo doa momentuz. Zaila da taldekide guztiak elkartzea, bakoitza punta batean bizi garelako, baina udarako kontzertu batzuk itxi ditugu jada. Hala ere, egin ditudan disko guztien moduan, disko hau ez dut asko saltzeko asmoarekin egin, nire ibilbidearen zati bat jaso nahi nuelako egin dut.
Aurreko diskoetan abesti propio bana zegoen, instrumentala beti. Baina disko hau gustuko ditudan musikariei omenaldi bat da. Ez dut musikari batzuek duten abesti propioak konposatzeko beharra sentitzen.
Mojo Workin jaialdiko taldeko kidea zara, nolakoa da hor jotzea?
Asko gustatzen zaidan jaialdi bat da, puntu underground hori duelako. Bestalde, gero eta partitura gehiago pasatzen dizkigute abestiak ikasteko, baina sekulako lana da hala ere. Esan beharra daukat niri ilusio gehien egin zidana izan zela Billy Boy Arnoldekin batera jotzea [2014ko Mojo Workinean].
Zer beste proiektu dituzu?
Musikari askorekin egiten dut lan. Orain adibidez, Blues Train taldearekin bigarren diskoa grabatu berri dut, eta kontzertuak emango ditugu. Donostiako Mojo Hand taldearekin ere disko bat grabatu berri dut. Bestalde, Iker Piris eta Carlos Arsuaga musikariekin asko jotzen dut, eta piano duoak asko interesatzen zaizkit. Oraindik publiko egin ez badute ere, Lluis Coloma piano-jotzaile katalanarekin piano duo bat egingo dut Jazzaldian.
Udal hauteskundeei begira, zer eskatuko zenieke politikariei?
Musikarekin lotuta, Frantziako eredua jarraitzeko eskatuko nieke. Han, ia edonon jotzeko izapide asko egin behar dituzu, baina sei hilabete jarraian jotzen egon zaitezke, eta hurrengo hilabeteetan jotzen ez baduzu, langabezia kobratu dezakezu. Guztia askoz profesionalagoa da, eta musikariek askoz egoera egonkorragoa dute.
Gomendatuko zenuke Donostiako taberna bat eta musikari bat?
La Bella Easoren inguruan jada hitz egin dugunez, Eiger esango dut.
Musikariari dagokionez, Joserra Senperena piano-jotzailea esango dut. Ez du bluesa jotzen bere horretan, baina bere egiazkotasunagatik gustatzen zait. Beti itzalean egon izan den musikari horietako bat da, musikari ezagun askorekin jo izan duen horietako bat. Bestalde, Donostiako piano-jotzaile aitzindarietako bat ere bada.
HAMABIETAN BERMUTA: Ardo beltza eta gilda.
Non: La Bella Easo taberna. Easo plaza, 7 (Amara).
Prezioa: 3,30 euro.