Donostiaren norabidea aldatzeko mobilizatu dira
Herritarren “benetako beharretan” oinarritutako politikak exijitu dituzte gaur Donostian. Donostia Defendatuz plataformak deituta ehunka herritar atera dira kalera, “Donostiako Udalaren kudeaketa txarra” salatzeko.
Hainbat herri mugimendu eta borroka bildu dira protesta egiteko. Manifestazio jendetsuan atera dituzten pankartetan erakutsi dituzte euren kezkak eta aldarrikapenak: Topoaren igarobidea eta Belartzan egitekoak diren saltoki handia gelditzea, betiko denda eta ostatuen ixtea, lau urtean 33 hotel zabaltzea, turismora bideratutako etxebizitzen alokairuen ugaritzea, hiriaren ondare diren eraikinak botatzea; berdeguneen artifizializazioa, Uliako mintegiak…
“Donostia sozial, partehartzaile eta benetan jasangarri bat” nahi dutela adierazi dute, bizilagunen beharrak lehenetsiko dituzten politikak bultzatuz eta hiria enpresa handiei eta turistei begira salgai jartzen dituztenak errefusatuz.
Gaurko protesta ibilbide luze baten hasiera dela esan dute. “Datozen hauteskundeak direla eta, herritarren aldarrikapenen aurrean entzungorrarena egin ohi duten horiek molesta daitezela nahi dugu. Donostia Defendatuz koordinakundeak gonbitea egiten dizuegu partehartzen jarraitzeko, gero eta kritikoago izateko eta ekintza ildo berriak zabaltzeko gure helburu komunaren alde: Donostia ez dago salgai, defenda dezagun!”.