Gipuzkoa Basketen berpiztea: sei garaipen zortzi partidatan
Duela zenbait hilabete ezinezkoa zirudiena egia bilakatzen ari da Donostian. Gipuzkoa Basketek, ia denboraldi osoan zehar liga txapelketako azken postuan mantendu den taldeak, sei partida irabazi ditu azken zortzi jardunaldietan. Igandean Murtziaren aurka eskuratutako garaipenarekin, Sergio Valdeolmillosen mutilek jaitsiera postutik irtetea lortu dute, eta datorren urtean berriro ere saskibaloiaren maila gorenean egotearekin amestu dezakete donostiarrek.
Hockeyan, Realak garaipen erabakigarria lortu du Egararen kontra, ligako sailkapena seigarren postuan itxiz. Hori dela eta, donostiarrek play-offean tituluagatik borrokatzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Euren lehen aurkaria Junior izango da, taulako hirugarren sailkatua.
Eskubaloian, Bera Berak garaipen berri bat lortu zuen Valentzian eta, liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, donostiarrek gertutik jarraitzen dute sailkapeneko lehen postuan dagoen Rocasa taldea.
Futbolean, azkenik, Sandra Ramajo kapitainak ezin izan zion Zubietari garaipen batekin agur esan. Izan ere, Gonzalo Arconadaren neskek ezin izan zuten gauza handirik egin Atletico Madrilen aurkako neurketan. Hain zuzen, txapelketa bikain baten ostean, madrildarrak ligako txapeldun bilakatu ziren igandeko hiru puntuekin.
Gizonezkoen futbolean, berriz, Realak Alavesen aurka jokatutako derbia irabazi zuen Willian Joseren gol bakartiari esker.
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
-
Reala 1 – 3 Atletico Madril
Gizonezkoen lehen maila, 36. jardunaldia
-
Alaves 0 – 1 Reala
SASKIBALOIA
ACB liga, 30. jardunaldia
-
Murtzia 61 – 74 Gipuzkoa Basket
ESKUBALOIA
Emakumezkoen Ohorezko maila, 23. jardunaldia
- Valentzia 24 – 39 Bera Bera (Larunbata, 19:30)
HOCKEYA
Emakumezkoen Ohorezko maila, 18. jardunaldia
- Egara 1 – 2 Reala (Larunbata, 12:30)