Artikutza ezagutzeko ibilaldiak egingo dituzte maiatzean
Hiru ibilbide antolatu dituzte maiatzean zehar, Artikutza ezagutzeko. Lehenengoa igandean, maiatzaren 12an, izango da, Ugaldeko presara ibilbide laburra. Bigarrena, maiatzaren 19an egingo dute, Artikutzako trenari buruzko ibilbide tematikoa. Hirugarrena eta azkena, Izu eta Ollargaratatik pasako den ibilbide luzea izango da, maiatzaren 26an.
Ibilbide guztien hasiera Artikutzako sarreran izango da, Eskaseko atezaindegiko aparkalekuan, hain zuzen. Goizeko 9:15ean hasiko dira eta amaiera, gutxi gorabehera 13:30ean izango da (ibilbidearen arabera). 6 urtetik beherakoek ez dute tasarik ordaindu beharko, 6-16 adinekoentzat 2,09 eurokoa izango da, eta 16 urtetik gorakoentzat 3,14 eurokoa. Izen ematea 620 337 875 telefonora deituta, eta Donostiako Udalaren webgunearen bidez egin daiteke.
Hona hemen hiru ibilbideen inguruko informazioa:
Maiatzak 12 – Ugaldeko presara ibilbidea
- Luzera: 5,8 km inguru.
- Desnibela: laua.
- Zailtasuna: oso erraza.
- Azalpena: Artikutza ura da, eta uraren inguruan egin ziren lan guztietatik zaharrenetariko bat bisitatzera joatea proposatzen dizuegu oraingoan. Oso ibilbide erraza dugu hau, pertsona ororentzat gomendagarria dena; laua erabat eta oso erosoa, izan ere, ibilbidearen erdia bide batetik egingo dugu.
Artikutzako auzoan hasiko gara eta Enobietako ibaiaren urak behera jarraituko ditugu uneoro, albotik doan bidea jarraituz. Bideak Olazubietako etxaldetik eramango gaitu, presaren eraikuntzan ibili ziren langileen etxe edo barrakoitik. Ondoren Goizuetako eremuan sartuko gara, poliki-poliki Ugaldera heldu arte. Ugalde inguruan zenbait eraikin ikusi ahal izango ditugu, urarekin erlazionatuak denak (ubideak, klorazio-araztegia, ur-hornikuntzarako erabiltzen ziren hodiak, ur-maila kontrolatzeko estazioak…). Auzora berriz itzultzeko ibaia gurutzatuko dugu, Ugalden dagoen zubitik eta oraingoan, urak gora ibaia jarraituko dugu. Lau-laua izango da bide hau ere, nahiz eta estuagoa izan. Hasieran, hornikuntza sistemako hodi zahar batetik ibiliko garelako eta ondoren Elamako bailaratik zetorren trenbidetik. Bidean, plano-inklinatuaren amaiera eta trenen karga-geltoki zaharra ikusi ahal izango dugu, Artikutzako auzora heldu baino lehen.
Maiatzak 19 – Ibilbide tematikoa: Eskas-Artikutza, trenbidetik
- Luzera: 5,5 km inguru.
- Desnibela: 300 m inguru, behera.
- Zailtasuna: Erraza.
- Azalpena: Artikutzako historia garaikideko garapenik handiena izango zenak, trenak, gutxi iraun zuen. Baina bere aztarnak gaur egun ere, ez dira gutxi. Antton Mendizabalen eskutik trenak egiten zuen ibilbidearen zati bat egitea proposatzen dizuegu. Anttonek, tartean, Suberri Matelorekin bat egindako ikerketen eta idatzitako liburuaren nondik norakoak kontatuko dizkigu, Artikutzako trenaren historia ongi ezagutu dezagun.
Ibilbidea erraza da oraingo honetan ere, maldan behera une oro, Eskasetik Artikutzaraino. Gomendagarria pertsona ororentzat. Trenak egiten zuen ibilbidea jarraituko dugu, baso desberdinak igaroz. Batetik, Artikutzako naturaz disfrutatu ahal izango dugu, baina horrez gain, beste zenbait azpiegituren arrastoak ikusiko ditugu, besteak beste, planoburuko plano inklinatua eta bidean ikus daitezkeen errotarriak.
Maiatzak 26 – Izu eta Ollargarata
- Luzera: 13 km inguru.
- Desnibela: 550 m goraka.
- Zailtasuna: Zaila, igoera eta luzeragatik.
- Azalpena: Ohitura bihurtzen ari den bezala, hilabeteko azken ibilbidea luzeena eta “gogorrena” izango da. Erne! Mendian ibiltzeko ohitura edukitzea oso gomendagarria da, ibilbide honek duen luzera eta desnibela aintzat hartuz.
Duela gutxi Izuko aldean egon ginen eta berriz inguru horretara hurbilduko gara, baina ibilbide desberdin bat egiteko. Zehazki, hau eskaintzen dugun lehen aldia izango da eta gogo bereziak genituen, batetik, Artikutzako barrutiko alde nahiko ezezaguna delako, urrun geratzen baita, eta bestalde, Izu eta Ollargarata tartean cromlech eta kumulu ugari dagoelako. Izan ere, Artikutzako bazter guztietatik historiaurreko aztarna dentsitate handiena duena izan daiteke. Zerbait berezia izango ote zuen, akaso…
Artikutzako auzotik abiatuko gara eta zuzenean Izuraino igoko gara. Igoera fuertea da, 500 metroko desnibela duena. Izutik Ollargarataraino joango gara, mendiz-mendi. Halako batean Arantza aldean izango gara, Artikutzako barrutitik kanpo. Bidea jarraituz, berehala Artikutzara desbideratzen den bidexka topatuko dugu, Urdallueko bailarara eramango gaituena. Aurrera egingo dugu Izuraino eramango gaituen bidearekin topo egin arte, eta azkenik Artikutzara jaitsiko gara.