Bazterketa arrazistaren aurkako afari musikatua egingo dute Letamanen
Ramadanak iraun bitartean, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean afariak antolatzeari ekin dio gazte musulmanak barne dituen Modahara taldeak. Egitasmo horren baitan, maiatzaren 12an elkartasun afari musikatua egingo dute, bazterketa arrazistaren aurkako aldarriarekin.
Maiatzaren 6az geroztik, gazte euskaldun eta magrebtarrak gaztetxean biltzen ari dira janaria partekatu eta jatorrizko herrialdeetan dituzten familien hutsunea ahal den neurrian arintzeko. Zailtasunak dituzten gazteei Ramadanean zehar euren ohiturak jarraitzen laguntzeko asmoz ekin diote egitasmoari, eta afariak eskaintzen jarraituko dute ekainaren 4ra bitarte.
Hain zuzen, igandean antolatuko den elkartasun afariak 10 euroko prezioa izango du Modaharari datozen gauetarako elikagaiak ordaintzen laguntzeko. Gainera, afariaren aurretik, musika emanaldiez eta beste hainbat sorpresaz gozatu ahal izango dute parte hartzaileek.