Trantsizioari beloa kentzen
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘VITORIA, 3 DE MARZO’
Zuzendaria: Victor Cabaco
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia
Film historikoak betidanik egin dira zineman. Denboran eta espazioan gugandik urruti dauden gertaerak azaltzen dituzte, eta askotan horiei antzinako edo garaiko filmak deritze. Film horien exotismoa erakargarria izaten da, garaiko jantziek, eraikuntzek, garraiobideek, tresnek, eta abarrek, azken batean girotzea sortzen duten osagaiek, denboran (eta espazioan) bidaia labur bat egin dugula adierazten digutelako. Hala eta guztiz ere, film historikoak interesgarriagoak iruditzen zaizkit aipaturiko osagai horien guztien urruntasuna itxurazkoa bakarrik denean, eta gure egunerokotasunarekin bat egiten badute.
Adibidez, Sergei Eisenstein handiak Errusiako Ivan Izugarriari buruz trilogia bat prestatu zuenean 40ko hamarkadan (Ivan Grozniy), hirugarren filma ezin izan zuen inoiz gauzatu, garaiko sobietar gobernuak jadanik bigarren zatian tsarraren tiraniak Stalinekin antz handiegia zuela ikusi baitzuen. Beste adibide bat Kubricken Espartaco (1960) filma litzateke, non, besteak beste, macartismoaren aurkako alegatu argia ikusi dezakegu (eta hedaduraz, askatasunaren alde). Eta denboran hurbilduz, eredu ona ere izan daiteke 2002an Paul Greengrass zuzendariaren Bloody Sunday, gure kritikan hizpide dugun Vitoria, 3 de marzo filmean aintzat izan duten lana.
Joan den Maiatzaren Lehenean Vitoria, 3 de marzo estreinatu zuten zinema aretoetan, eta dirudienez, ikusleen erantzuna (gurean behintzat) gogotsua izan da, saio askotarako txartelak agortu baitira. Hasieratik aipatzen ari naizen generoan sartuko litzateke publizitatean eta telebistan eskarmentu handiko Victor Cabacoren lehen filma, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazotako sarraskia baitu gai nagusi gisa. Nahiz eta asmatutako fikzioaz baliatzen den hura kontatzeko, filmak gertakizun horiek ditu benetako protagonistatzat. Egia esateko, sortu duten istorioak ildo narratiboan jarraipena izateko, ez da gertakizun lazgarrien maila dramatiko eta tragikora iristen. Horregatik, film historiko ugaritan ohikoa den akatsetariko bat dauka Vitoria, 3 de marzo lanak, sortutako fikzioaren potentzia eskasa, eta protagonistentzako eraiki den egitura melodramatikoak ez duela zirrara askorik egiten.
Pantailan egiazko gertakariak irudikatzen direnean (poliziaren benetako grabazioak entzuten diren bitartean), orduan, ikuslea zinez hunkitzen da, emozioz gainezka izateraino, batez ere Gasteizko sarraskian jazotakoaren emaitza badakigulako: 5 hildako eta 150 zauritu baino gehiago. Francoren osteko trantsizioaren emaitzak estalgabetzen dira garaiko benetako gertaerak ahotara ekartzen direnean (gero etorriko ziren Jurramendiko gertaerak, eta Atotxako abokatuen hilketa), eta horregatik Vitoria, 3 de marzo gisako filmak beharrezkoak direla argi dago, gure oroimen historikoa orainaldira ozenki ekartzen digutelako. Zinema interes anitzetarako tresna bezala erabili daitekeela argi daukagu, baina Vitoria, 3 de marzo filmean gehien nabarmendu dezakeguna bere alde didaktikoa da. Gure historia irakasten (eta erakusten) digu, eta ez dugu ahaztu behar baita ere, oroimena galtzen duen herri bat etorkizunean herren ibiltzen dela.
Herritar askok jakingo dute Gasteizen zer gertatu zen 1976ko martxo hartan, eta askok zuzenean biziko zuten ere. Haientzako filma da Vitoria, 3 de marzo. Baina belaunaldi berrientzako lana ere bada, askotan ahazten baitugu liburuetan ikasi dugun historiak ez duela benetakotasunik izaten, paperean inprimatutako irudi eta testuak besterik ez direlako. Zinemak errealitatearekin duen lotura estuak historia haragitu dezake, eta horrek bihotzetara iristea eta kontzientziak mugitzera ere eraman gaitzake.