Datorren astean hasiko da 'Parketarrak' egitasmoa
Bueltan da Parketarrak egitasmoa. Helburu argia du proiektuak: haurrek kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetako euskara batzordeen lankidetzaren ondorioz, Parketarrak egitasmoa abiatuko dute datorren astelehenean, maiatzaren 13an, Donostiako hamalau auzotan. Lehen saioak Altzan, Morlansen eta Grosen izango dira.
Doako egitasmoa da, eta aurreko urteetako arrakasta ikusita, bi auzo gehiagotara zabaldu dute aurten, Gros eta Antiguara, hain zuzen. Honako auzoetan egingo dute: Grosen, Antiguan, Altzan, Bidebietan, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberetan, Amaran, Amara Berrin, Añorgan, Parte Zaharrean, Egian, Aieten eta Morlansen. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, auzo gehienetan Euskara Batzordeak sortu dira, eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira auzoetan euskara bultzatzeko. Plangintza horren helburuetako bat da euskara aisialdi eremuetan erabiltzea, eta horretarako Parketarrak egitasmoa oso eraginkorra dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.
Miren Azkarate, Euskarako zinegotziak egitasmoak euskararen erabileran duen garrantzia azpimarratu du: “Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da”.
Hona hemen Parketarrak egitasmoaren egutegia: