Kontzertu solidarioa egingo dute McOnak taldeak, Iker Laurobak, Leire Letuk, Xabi Bandinik eta Zuriñe Hidalgok
Kontzertu solidario akustikoa egingo dute maiatzaren 23an McOnak taldeak, Iker Laurobak, Leire Letuk, Xabi Bandinik eta Zuriñe Hidalgok. Convent Gardeneko Criptan izango da kontzertua, 20:00etan. Alberto Iñurrategiren Baltistan Fundazioa GKE-arekin batera antolatu dute emanaldia Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko ikasleek. Kontzertuko irabazi guztiak Himalaiako Baltistan eskualdeko 3 eta 16 urte bitarteko neskak eskolaratzera bideratuko dituzte.
Sarrerak aurrez eros daitezke 6 euroren truke Entradium webgunean. Egunean bertan ere erosi ahalko dira Convent Gardenen, 8 euroren truke. Sarrerak erosten dituztenen artean Ekomodoren eta Realaren produktuak zozkatuko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
2001. urtean sortu zuten Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu, eta bere helburu nagusia da Himalaian, Pakistanen mugan dagoen Hushe bailarako komunitateetako pertsonen giza garapen integrala lortzea.