Pentsiodunak berriro ere irtengo dira kalera larunbatean pentsio duinak aldarrikatzeko
Apirilaren 13an egin zuten bezala, datorren larunbatean, hauteskunde kanpainaren hasieraren hurrengo egunean, Hego Euskal Herriko pentsiodunak kalera irtengo dira pentsio publikoen defentsa aldarrikatzeko. Izan ere, Donostian egin zuten azken mobilizazioan, pentsiodunen mugimenduak argi adierazi zuen egoera behin betiko aldatuko dela bermatu arte protestan jarraituko dutela.
Hori dela eta, larunbatean euren aldarri nagusiak hiriko kaleetan zehar oihukatuko dituzte berriro ere, hala nola: 1080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIaren araberako urteroko eguneratzea, iraunkortasun faktorearen indargabetzea, enplegu baldintza duinak eta emakume eta gizon pentsiodunen arteko arrakalaren desagertzea.