Uxue Ezkurdia Bera Berako jokalariak eskubaloia utziko du
Erabakia ongi aztertu ostean, Uxue Ezkurdia donostiarrak Bera Bera eta eskubaloia utziko dituela jakinarazi du. Agur ekitaldian, jokalariak azaldu du “kirol profesionala eta lana uztartzea sakrifizio handia dela”, eta epe berri bati ekiteko unea heldu zaiola ondorioztatu du: “Une hau iritsiko zela jakina zen. Emakumezkoen kirolean profesionalki egotea zaila da eta nire bizitzako atal hau bukatu da”.
Ezkurdia 2012ko urtarrilean egin zuen debuta Bera Berarekin Reyes Carrere entrenatzailearen eskutik, eta geroztik taldeko kide baliotsua bilakatu zen. Denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta direla 156 partida jokatu ditu klub donostiarrarekin (115 ligan, 22 Europan, 16 kopan eta hiru Superkopan), 237 gol sartuta.
Eskubaloia elitean utziko duela publikoki adierazi du @uxueezkurdia k. Gure aldetik eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen eta ekainean hasiko duen ibilbide berrian zorterik handiena! pic.twitter.com/k2n84u6m11
— SUPER AMARA BeraBera (@BalonmaBeraBera) May 8, 2019