Xostakovitx eta Dvorak izango dira Miramongo Matineearen protagonistak
Miramongo Matineek azken txanpari ekingo diote aurtengo denboraldiko hamalaugarren kontzertuarekin. Larunbatean, maiatzaren 11n, izango da, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean. Hirukotetik boskotera kontzertua eskainiko du Dumka boskoteak, eta matine-aren programa Dmitri Xostakovitx eta Antonin Dvorak musikarien obrek osatuko dute. Dumka boskotea osatzen dute Birgit Kolar (Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertino iraunkor gonbidatua), Julia Siciliano (pianoa) eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kide diren Irene Etxebeste (biolina), Delphine Dupuy (biola) eta Juan Ignacio Emme (biolontxeloa).
Bi biolinentzako eta pianorako bost piezarekin hasiko da larunbateko matine-a, eta Dmitri Xostakovitxen hainbat obra (1955eko The Gadfly filmaren soinu-bandaren zatiak eta sobietar egilearen Jazz-suiteak, kasu) uztartuko dituzte, Lev Atovmianek sortutako moldaketarekin. Pieza labur horietan Xostakovitxen beste alderdi bat ikus daiteke, “lirismo epel eta xarma eslaviarrekoa, ohiko iluntasun itzaltsu eta zorroztasun sardonikotik urrun”.
Matinee-aren bigarren eta azken obra Antonin Dvorakena izango da. Brahmsen ostean, autore txekiarrari zor zaio gehien XIX. mendeko bigarren erdiko ganbera-musikaren arloan. Eta gainera, aditu askoren arabera, Pianorako 2. kintetoa (1887) da bere ganbera-obra onenetako bat; Dumkak matine-an eskainiko du lan hori. “Musika folklorikoaren bira eta erritmo ohikoez osatutako piezak osatzeko Dvoraken abileziaren adibide argienetako bat da obra hau”, azaldu dute antolatzaileek.
Sarrerak zazpi euroren truke salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango dira larunbatean. Ohi bezala, “Miramongo Matineetara eroso joateko”, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko die herritarrei. 10:25ean abiatuko autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egingo ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.