"Donostia anitzago baten aldeko politika publikoek presenteago egon behar dute"
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen inguruko inkesta egin dugu, eta hainbat hiritarren iritziak jaso ditugu. Maitane Arnoso SOS Arrazakeria erakundeko kideak kontatu digu zer eskatu nahi dion hurrengo alkateari.
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Udalak jarrera arrazisten kontrako oso diskurtso positiboa duela deritzot. Funtsezkoa da hori, udalak eta gizarte mugimenduek aniztasunaren alde egiten duten lana lagundu eta legitimatzen duelako. Baina ikuspegi kritikoago batetik, uste dut gizarte eta aniztasun politikek ez dutela udal gobernuan izan beharko luketen lehentasuna. Horrek, gizarte lanak egiten dituzten arloetan giza baliabide urriak egotea eragiten du, eta, beraz, laguntzeko duten ahalmena mugatua izatea.
Halaber, udalak kudeatutako pisuak, aterpetxe plazak eta horrelako baliabideak ere urriak direla uste dut, ez baitaude beharrak asetzeko nahikoak.
Bi faktore horiekin batera (baliabide material urriak eta giza baliabide urriak), kalean dauden pertsonei, gazteei, bereziki, laguntzeko udal bitartekariak falta dira.
Nola ikusten duzu etorkinen egoera Donostian?
Hauteskundeen eta etorkinen arteko binomioan pentsatzean, azken horien bazterketa politikoa da gakoetako bat. Estatuko hauteskundeak ez bezala, non, parte-hartzea Espainiako herritartasuna duten herritarrei mugatuta dagoen, udal hauteskundeak aukera bat dira atzerritarrek parte hartze politiko handiagoa izateko. Hala ere, parte-hartze hori elkarrekikotasun hitzarmenekin baldintzatuta egoteak oztopo bat izaten jarraitzen du gizalegezko gizarteak eta hiri erabat parte-hartzaileak eraikitzeko.
Bestalde, alderdiak atzerritarrei zuzentzen hasi beharko lirateke. Horrek konpromiso handiagoa ekarri beharko luke etorkinen eskubideak askoz ere presenteago izango lituzketen udalerrien eraikuntzan. Horrekin batera, inklusio estetikotik at, ordezkari politiko atzerritarrak zerrendetan egotea beraiei ahotsa emateko aukera bat izango litzateke.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Udal gobernuak eskumena duen arloetan, Donostia anitzago baten aldeko politika publikoek presenteago egon behar dute. Horrek esan nahi du atzerritarren presentzia normalizatzeko eta auzo anitzak sortzeko espazioak ireki behar direla. Eta, noski, bertako eta atzerriko hiritarrei laguntza eskaintzeagatik bereizi behar da Donostia.