Ernesto Gasco PSE-EEko alkategaiaren profila
Bost dira Donostiako alkatetzara aurkeztu diren hautagai nagusiak, eta beraien profilak bildu ditugu, hobeto ezagutzeko: EAJko Eneko Goia, PSE-EEko Ernesto Gasco, EH Bilduko Reyes Carrere, PPko Borja Semper eta Elkarrekin Podemoseko Aitzole Araneta. Horietaz gain, PACMA, PUM+J, Ciudadanos, Aulki Zuriak, Ganemos, P-Lib eta Vox alderdiek ere hautagaitzak aurkeztu dituzte.

ERNESTO JOSE GASCO GONZALO: PSE-EE
Adina: 1963ko uztailaren 24an jaio zen, eta 55 urte ditu.
Auzoa: Amara auzokoa da.
Ikasketak: Geografia eta Historian lizentziatua da.
Hizkuntzak: Gaztelania hitz egiten du.
Lanbidea: Geografoa da ogibidez.
Ibilbide politikoa: 1995. urtean, 32 urte zituela hautatu zuten estreinakoz Donostiako Udaleko zinegotzi. Geroztik, Donostiako udal hauteskunde guztietan izan da zinegotzi, hau da, 1995ekoetan, 1999koetan, 2003koetan, 2007koetan, 2011koetan eta 2015ekoetan.
Gazteria eta Lankidetza zinegotzia izan zen 1995etik 1999ra, eta azken urte horretako udal hauteskundeetatik aurrera, Mugikortasun eta Segurtasun zinegotzia izan zen. Espainiako politikan ere aritu zen, baina denbora gutxiz. 2008. urteko martxoaren 25ean, Espainiako gobernuko presidentea bere alderdiko Jose Luis Rodriguez Zapatero zela, Gipuzkoako diputatua izan zen Espainiako Kongresuan. 2009ko maiatzaren 14an, ordea, kargua utzi zuen, eta Donostiako politikagintzara itzuli zen. 2011tik 2015era udal gobernuaren oposizioan egon ondoren, 2015etik Donostiako Udaleko alkateordea da.
Beste hautagaiak: Maria Soledad Garmendia, Enrique Jose Ramos, Duñike Agirrezabalaga, Miguel Angel Diez, Cristina Lage, Arkaitz Millan, Ane Oiarbide, Ander Iturri, Maria Luisa Del Pilar Garcia eta Iker Sanz.