Hauteskunde kanpaina hasi dute alderdiek
Donostiako hurrengo alkatea eta udaleko zinegotziak aukeratzeko bi aste eskas gelditzen direnean, hauteskunde kanpaina hasi dute alderdi guztiek, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeei begira. Agerraldiak egin dituzte bost alkategai nagusiek, beraien programaren nondik norakoak azaldu eta donostiarrei botoa eskatzeko.
Eneko Goia EAJko alkategaiak duela lau urte beraiengan jarri zuten “konfiantza berresteko” eskatu die donostiarrei, izan ere, “lau urte hauetan lortutakoa kontsolidatzeko” unea da, Goiaren aburuz. Legealdi honetan, kudeaketa “zorrotz, serio eta lasaia” egin dutela deritzo jeltzaleak, eta ildo beretik “hiria egiten” jarraitu nahi dute.
PSE-EEk atzo arratsaldean egin zuen kanpaina hasierako agerraldia, eta maiatzaren 26ko hauteskundeetan “hiriarentzako gehiengo aurrerakoi bat” egotea espero du Ernesto Gasco alkategaiak, “gizarte kohesioan” aurrera egin ahal izateko. Haren ustez, Donostiak “lidergo sendo bat” behar du, proiektuak aurrera eramateko.
Reyes Carrerek, EH Bilduko alkateagaiak, atzo arratsaldean egin zuen agerraldia baita ere, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiarekin batera, besteak beste. Hiritarren “bizi-kalitatea” hobetzearen alde egin du EH Bilduk bere programan, hiritarrak udalaren jardunaren erdian kokatuz.
Borja Semper PPko alkategaiaren kasuan, “Donostiako kultura nazioartekotzeko” aldeko apustua egin du kanpainaren aurkezpenean. Haren ustez, kultura gehiago egoteak “independenteago” egiten du hiria, “pertsonalki askeago” egiten ditu hiritarrak eta “hiria hobeto garatzea” ahalbidetzen du. Horregatik, Donostiako kultur eskaintza neguan ere zabala izatea nahi du Semperrek.
Elkarrekin Podemoseko Aitzole Araneta alkategaiari dagokionez, “postaletan agertzen ez den Donostia, benetako Donostia” erdigunean jarriko dutela azaldu zuen atzo egin zuen agerraldian. Horrekin batera, “hiritarrak kanporatzen ez dituen” hiri eredu baten alde egin du Aranetak.