«Javier Ortiz irakurriz konturatzen zara zenbat egin dugun atzera»
Javier Ortiz kazetari donostiarraren heriotzaren 10. urtemugan, hark idatzitako zutabe eta artikuluen antologia bat egin du Mikel Iturriak. Haren ideiak bizi-bizirik daudela azpimarratu du, eta liburua momentu egokian argitaratu dela.
Mikel Iturriak gaur aurkeztuko du ‘Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista’ argitalpena, Egia kultur etxean, 19:00etan. Garbiñe Biurrun (epailea) eta David Fernandez (kazetaria eta CUPeko parlamentari ohia) izango ditu lagun, testu bana idatzi baitute liburuan. Isaac Rosa idazleak ere parte hartu du antologian, baina ezingo du Donostiako aurkezpenera etorri.
Nola ezagutu zenuen Javier Ortiz?
El Mundo utzi zuenean, webgune batean hasi zen apunte labur batzuk idazten. Gustatzen zitzaidan, eta gainera, deskubritu nuen Realari buruz idatzi zuela zerbait, eta pentsatu nuen, ‘tipo hau donostiarra da’. Idatzi egin nion, eta hil zen arte, harremana izan genuen. Garrantzitsua da baita ere beste gauza bat: ziur asko, ez nintzen ausartuko El Mundo-ko helbidera idaztera; karga gutxiago zuen bere etxeko posta elektronikora idaztea.
Zerk harrapatu zintuen? Zergatik miresten duzu?
Askotan irakurri ditut bere artikuluak, eta ez dira modaz pasatzen, klasikoak bihurtzen ari dira. Hark zeukan gaitasuna gauzak kontatzeko, aztertzeko… Oso argi idazten du, eta ikuspuntu berriak ematen dizkizu. Arazo bat ikusten duzu, eta berak goitik behera aletzen dizu. Analisirako zuen gaitasun hori azpimarratuko nuke.
Nolako kazetaria zen?
Konpromiso etiko bat zuen giza eskubideekin. Eta ‘giza’ horrek esan nahi du denontzat direla, gustuko ez ditugunentzako ere bai. Dejad que los racistas hablen artikuluan argi esaten du hori. Bartzelonan liburu denda nazi bat ireki zutela eta, jendea horren kontra mugitzen hasi zen. Ortizek esan zuen ez zuela ezer sinatuko, errepresioarekin ezin delako ezer itxiarazi. Egin-en idazten ziren hainbat gauzekin ere ez zegoen ados, baina eztabaidatzeko berdintasuna defendatzen zuen.
Javier irakurriz konturatzen zara zenbat egin dugun atzera. Bere garaian ere, Javierrek idatzi zuena abangoardia zen, zetorrenari aurrea hartzen ziolako. Felipismoak, Aznaratoak… Horiek bere kalteak egin zituzten, eta… Nik uste dut orain liburua datorrela oso garai onean.
Zergatik?
Bete-betean asmatu zuela uste dut, eta berreskuratu behar ditugu haren ideia batzuk. Adierazpen askatasuna, esaterako. Ezin duguna da ez utzi hitz egiten ustez desberdin pentsatzen duen jendeari. Nahiz eta oso kontrakoak izan. Adierazpen askatasuna momentu honetan kolokan dago, giza eskubideak ere kolokan daude. Migrazioa ere aipatzen du Javierrek, eta gu beste alde batera begira ari gara neurri handi batean.
Boterea eta komunikabideen arteko harremanak ere aztertu zituen. Erregeari buruz ez zen ezer esaten Botsuanakoa gertatu arte. Gauza bat zen jendeak zer esaten zuen, eta gero zer kontatzen zen hedabideetan. Javierrek ironia handiz idatzi zuen horri buruz –La tactica del silencio-, kanpoko hedabide batek erregearen ondareari buruz idatzitako artikulu batean oinarrituta.
Antologia hau azken 50 urteetako Espainia ofizialaren B aldea dela esan duzu.
Konpromiso politikoa ere izan zuen. Kartzelan izan zen, eta oso gogoan zuen nola ez zen benetako trantsizio bat izan. Fraga eta Martin Villa bezalako pertsonaiak gauetik egunera pasa ziren demokrata izatera. Momentu batean esaten du, «Hemen ipurdi garbia ez du inork». Frankismoko espabilatuenak eta antifrankistetatik jokoan gutxien jarri zutenak, horiek dira onik atera direnak.
Javier hil zen 2009an. Garbiñe Biurrunek [David Fernandezek, Isaac Rosak eta hirurek idatzitako testu banak osatu dute liburua] oso ondo errematatzen du; esaten du: «Javierrek gero eta hobeto idazten du». Eta hala da, oraindik jarraitzen du idazten, nahiz eta gure munduan ez egon. Argitaletxeko editoreak ere esan zidan, «Tamalez bizi bizi dago. Mundua okerrera joan da, eta liburu honetan dago zergatia». Askotan gai orokorrez hitz egiten zuen, beste batzuetan, egun bateko kontu bat zen, baina beti ematen zuen maila bat. Hori nola egiten zuen ez dakit, baina horretarako oso ona izan behar duzu, talentua izan eta landu. Javier langile porrokatua zen. Hilzorian ere zutabeak idazten zituen, bere alabari diktatzen zizkion. Javier hil zenean, Pepa Bueno kazetariak esan zuen “azukre bateko kafe huts bat zela”. Bere garaian saiatu zen Javierrekin kolaborazio bat lotzen, baina azkenean ez zuen lortu.
Taburen bat al zegoen Ortizentzat?
Nik uste dut ez zuela arazorik inolako gairi heltzeko. Hasten zen gai batekin, ideia argi batekin, baina gero informatzen hasten zen, eta zutabean justu aurkako iritzia planteatzera iristen zen. Ez dakit hori zer den, ondradua izatea? Rafael Chirbesek ere esaten zuen, bere lankideei edo burkideei eman behar bazien, eman behar ziela. Ez dakit egia existitzen den, baina hori bilatzen saiatzen zen.
Isaac Rosak bere testuan –Un periodista en el pais de los secretos a voces– dio Javierren moduko ‘erradikal arriskutsuak’ behar ditugula.
Errora joatea, zer gertatu den aztertzea… ez zaigu gehiegi interesatzen. Askotan guri ere ez, ez soilik boteretsuei. Gu jartzen garenean, konturatzen gara gure kontraesanak izugarriak direla, eta ez zaigu gustatzen. Gertatzen dena da Javierrek utzitako hutsunea ez duela pertsona bakar batek beteko. Chirbesen En la orilla liburuko esaldi bat dut buruan: «La vida humana es el mayor derroche economico de la naturaleza. Cuando parece que podrias empezar a sacarle provecho a lo que sabes, te mueres. Y los que vienen por detras, vuelven a empezar de cero». Eta nik esan nahi dudana da, gu ezin garela zerotik hasi. Javierren eta beste askoren lana daukagu. Eta inportantea da horretaz jabetzea.
Zerk eraman zintuen antologia idaztera?
Orain, razionalki pentsatuta, Javier gaixotu zenean, nire aita ere gaixotu zen. Dementzia bat izan zuen, eta lan handia izan genuen etxean. Javier hil zitzaidan bat-batean, ni beste gauza batzuetan ari nintzenean. Eta hasieratik argi ikusi nuen zerbait egin behar nuela. Sartu nintzen eta sartu nintzen… Eta azkenean, hondartzara joaten zarenean bezala. ‘Gaur ez naiz bustiko’, eta hasten zara pixkanaka sartzen, eta ustekabean, ikusten duzu zaudela bustita, baita barruko arropa ere.
Nolakoa izan da prozesua?
Twitterren jaio zen liburu hau, Beñat Irasuegi eta Gorka Bereziartuarekin izan nuen solasaldi bat dela eta. Ez dakit nola, baina atera zen liburu bat egiteko ideia. Nik beti nuen bere heriotzaren hamargarren urtemuga epe moduan, eta halako batean konturatu nintzen nik egin behar nuela. Nik antologia bat egin dut. Beharbada beste batek beste bat egingo luke, baina ziur nago Javier jarraitu dugunok aukeratuko genituzkeela hor dauden hogei zutabe. Azaletik hasita, uste dut oso ondo asmatu dugula. Bere argazkian ikusten da, Javier ganberro bat da, irribarre egiten dizu.
Javierren ehun bat artikulu aukeratu ditut, eta hura ezagutu zuten hiru izen esanguratsuk parte hartu dute: Garbiñe Biurrunek, David Fernandezek eta Isaac Rosak. Prozesu honetan nabaritu dudana da Javierrek benetan prestigio handia zuela, eta jendeak asko maitatzen duela. Ate asko ireki dizkigu Javierrek, oso jende desberdinarenak. Oso sarrailagile ona zen.
‘Atocha’ izeneko artikuluan Ortizek dio Donostiara etortzen zenean disgustoa hartzen zuela, gustuko zituen gauzak desagertzen ari zirelako. Zer esango luke gaur egun?
Beldurgarria irudituko litzaioke. Prozesu hori guztia izugarri azkartu da. Duela gutxi, turistek non dauden jakin dezaten letra itsusi batzuk jarri zituzten Miramarren. Politikariek kontatu dute nahi dutena, baina konturatu dira hanka sartu dutela, eta inork ez duela faltan botatzen hori. Hori anekdotikoa da, baina oso esanguratsua da. Asko esaten du gu bizi garen hiriaz, baina egia da ditugun politikari horiek jendearen botoa dutela. Errua ez zaie soilik politikariei bota behar. Norberak ikusi behar du zer egiten duen. Ematen du beti besteek egin behar dutela autokritika, norberak ez duela egin behar.
Halere, mundua nola dagoen ikusita, ez dugu esango marko konparaezin horretan gaizki bizi garenik. Ez dut konplazentzia horretan erori nahi, baina nik uste dut baditugula indargune handiak. Gertatzen dena da gaiztoak edo interes batzuk dituztenak antolatuta daudela, eta herritarrok ez gaude antolatuta, ez dugulako nahi, nahiago dugu beste gauza batzuk egin.
Artikutza taberna aukeratu duzu aperitiboa hartzeko. Zergatik?
Ni berez Irungoa naiz, baina auzo batekoa, Bentaskoa, eta nik defendatzen dut auzotarra izatea. Donostiak Erdialdea eta Parte Zaharra turismoari emateak ekarri du bizitza auzoetan egitea. Marina Garces filosofoak aipatzen zituen saio batean, ‘auzoa eta auzotasuna’. Eta tabernak auzoetan daude. Guk daukagun kultura daukagu, eta guretzat tabernak oso inportanteak dira. Nik musika zaletasuna tabernei zor diet, baita irratiari ere. Anaia zaharragorik ez nuen, eta hori inportantea da, ezta?
Bestalde, iruditzen zait guk bezero moduan eta guk hiritar moduan ditugun interesak kontrajarriak izan daitezkeela askotan. Bezero gisa akzio batzuk egiten dituzu, eta gero herritar gisa agian zure herria erasotzen ari zara. Ez diot inori errurik bota nahi, baina denok arduratsuak izan behar dugu. Kontraesanak ditugu denok, eta horri buruz hausnartu behar dugu. Javier Ortiz hori delako: «Nik hausnartzen dut, zuk ere hausnartu, eta denok hausnartzen badugu, agian hobetuko dugu mundua».
Hamabietan Bermuta. Garagardoa eta urdaiazpiko pintxoa.
Non. Artikutza taberna. Oihenart kalea, 3 (Antigua).
Prezioa. 4,50 euro.