Kooperatibaren proiektua indartzeko festa izango da
Igeldoko Udaberri jaia egingo dute bihar eta etzi, eta datorren asteazkeneko San Isidro egunarekin biribilduko dute.
Asteburu honetan Udaberri jaia ospatuko dute Igeldon. Pixkanaka abian jartzen ari diren herriko kooperatiba indartzeko aprobetxatuko dute festa. Izan ere, kooperatibak proiektu bat du eskuartean. Aurrera begira, denda bat jarri nahi dute kooperatibaren beheko solairuan. Ekoizleek euren produktuak eskaini ahal izango dituzte, eta herritarrek horiek eskuratu.
Igeldoko nekazal kooperatiba 1911n jarri zuten abian. Nekazariak eta abeltzainak elkartu ziren zituzten beharrei aurre egiteko. Kooperatibak bere bidea egin zuen duela 20 bat urte itxi zu- ten arte. «Kooperatiba berreskuratzeko saiakera baten ondoren, duela bi urte proiektuari buelta berri bat eman eta herriari parte hartzeko aukera eskaini genion», azaldu du Ander Zubeldia Igeldoko Herri Kontseiluko kideak. Herritarrei kooperatibako bazkide egiteko aukera eskaini zieten, eta dagoeneko 100 baino gehiago lortu dituzte.
«Kooperatibaren proiektua herriarena izatea nahi dugu. Igeldoko ekoizleak babesteko eta gure produktua sustatzeko balioko du». Herri kooperatiba behar bezala abian jartzeko oztopo administratiboak izan dituzte, eta baimen batzuk falta zaizkie. Zailtasunak gaindituta herriaren zerbitzura jarriko dute.
Erraiak’ dokumentala
Kooperatiba diruz laguntzeko hiru eguneko egitaraua antolatu dute. Bihar eta etzi jarduera ugari egingo dituzte Udaberri jaia ospatzeko. Batez ere, bi dira azpimarratzekoak. Ekain Martinez de Lizarduik zuzenduriko Erraiak dokumentalaren hiru proiekzio egingo dituzte asteburuan. Bihar, 19:30ean eta etzi, 12:30ean eta 18:30ean. Irrintzia ardatz hartuta ekoiztu den dokumental bakarra da. Euskal Herriko txoko hainbatetan murgilduta irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egiten du.
Emanaldi guztiak kooperatiban izango dira. Sarrerak salgai daude 4 euroren truke ondorengo lekuetan: Txapela (Igeldo), Garazi liburu-denda (Antigua), Jolas Etxea taberna (Añorga), Pandora taberna (Gros) eta Aitzaga taberna (Usurbil).
Bihar egingo duten lore, landare eta zuhaixka azoka ere nabarmendu dute antolatzaileek. Iaz izandako harrera onari esker aurten errepikatzea erabaki dute. Igandean izango da frontoian 10:30etik aurrera. Igeldoko produktuen azoka, berriz, kooperatiban egingo dute 11:00etatik aurrera. Gazta eta ardo postuak jarriko dituzte, besteak beste.
Bi eguneko festa biribiltzeko San Isidro eguna egingo dute hilaren 15ean. Toka txapelketarekin batera (20:00), afari herrikoia antolatu dute Etxe Nagusi jatetxean (21:00). Izena emateko zerrenda Txapela tabernan egongo da. Azken eguna hilaren 12a izango da.