Memoriaren aurkako erasoa
Jose Arana Irastorza gudari donostiarraren omenezko oroitarria Polloeko hilerritik desagertu dela salatu du bere familiak. 36ko gerran hildako EAE-ANVko lehenengo gudaria izan zen Arana, eta bere omenezko plaka uztailean ipini zuten.
Tolosaldeko Ataria-k eman du gertakariaren berri: jakina ez den arrazoi batengatik, ezezagun batek Jose Arana Irastorzaren omenezko oroitarria bere Polloeko hilobitik lapurtu zuen Aste Santuaren aurretik.
Desagerturiko plaka Zizurkilgo Udalak ipini zuen uztailean, hildakoaren senideen baimenarekin. Izan ere, tropa frankistek Zarateko Bentan hil zuten Arana, 1936ko irailaren 17an, oroitarriak zioen moduan, “Euskal Herria defendatzen ari zela”. Egun hartan, donostiarra 36ko gerran hildako EAE-ANVko lehenengo gudaria bilakatu zen, eta bere memoria bizirik mantendu nahi izan dute euskaldunen historiako atal gogor hura ahaztua izan ez dadin.
Aranaren hileta elizkizunak Loiolan (Azpeitia) egin ziren, eta bere hilkutxa Arrasaten lurperatu zuten. 25 urte beranduago, berriz, gorpuzkiak Donostiara ekarri zituzten klandestinoki, Polloeko hilerrian gorde zitezen.
Hilerriko arduradunak izan ziren familiari oroitarriaren lapurretaren berri eman ziotenak. Ataria-k Josetxo Arana ilobarekin hitz egin du, albistea familian nola jaso duten jakiteko: “Atsekabea, haserrea, amorrua, ezintasuna sentitu ditut berria jasotakoan. Gainera hilerri batean. Kanpoan dauden oroitarriak puskatu edo lapurtzen dituztenean ez duzu ulertzen, baina hilerri batean oraindik eta gutxiago. Familiaren panteoian zegoen plaka, eta koldarkeria izugarria iruditzen zait”.
Senideei berriro ere baimena eskatu ostean, plaka berrezarri egingo dute Polloeko langileek.