"Nota altua jarriko nioke udalaren kudeaketari"
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen inguruko inkesta egin dugu, eta hainbat hiritarren iritziak jaso ditugu. Xabier San Martin La Oreja de Van Gogh musika taldeko kideak kontatu digu zer eskatu nahi dion hurrengo alkateari.
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Orokorrean ona izan dela iruditzen zait. Ez dut sakonean aztertu, baina nire sentsazioa ona da. Oposizioko alderdiek ziur kexak izango dituztela, baina niri, oro har, udal gobernuak egin duen kudeaketa eraginkorra iruditu zait, karranka handirik gabekoa. Hau da, donostiar erako kudeaketa bat izan dela uste dut, onerako eta txarrerako: soiltasunera jo duen kudeaketa bat, kulturari begira eta modernoa. Nik nota altua jarriko nioke udalaren kudeaketari.
Nola ikusten duzu Donostia?
Zer esango dugu donostiarrok? Nik uste dut gure hiriarekin maiteminduta gaudela, arrazoiarekin, eta ez garela objektiboak.
Hiriaren tamaina kontuan hartuta, izugarrizko kultur eskaintza dugula iruditzen zait. Ezin gara hiriburu handiekin alderatu, baina hain txikiak izateko kultur eskaintza oso indartsu eta kosmopolita dugu.
Mota guztietako pertsonekin elkarbizitzera ohituta gaude donostiarrak, eta kanpora asko begiratzen duen hiri bat garela uste dut.Eragin frantsesarengatik izango da, agian. Zorionez, chauvinismoaren eta gaizki ulertutako nazionalismotik urrun dagoen hiri bat garela pentsatzen dut.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Ildo beretik jarraitzeko eskatuko nioke, gure xarma esplotatzen dakien ildo horretatik, baina foku turistiko batean bihurtu gabe. Hau da, pisu turistikoekin kontuz ibiltzea, beste hiri batzuetan gertatu dena ez gertatzeko. Oro har, hiria eder jartzeko eskatuko nuke, eta baita turismo ona sustatzen jarraitzeko ere, hiria gaizki saldu gabe.
Nola ikusten duzu hiriko kulturaren eta musikaren egoera?
Gu, La Oreja de Van Gogh talde gisa, oso pozik gaude Donostiarekin. Uste dut musika eskaintza oso heterogeneoa duela hiriak. Jazzaldia aipatu behar da, baina, horretaz gain, mota guztietako eskaintza dago: gurearen moduko pop mainstream-a, Aste Nagusiko kontzertuak, eta kontzertuak egiten dituzten beste hainbat leku. Nire anaia Paulek, esaterako, ez dio jotzeari uzten.