Penelope Cruz, 67. Zinemaldiko kartelaren protagonista eta Donostia sari baten irabazlea
“Oso pozik gaude Penelope Cruzek baietz esan diolako Donostia Zinemaldiaren irudi izateari, eta Donostia saria jasotzeari. Aktore zoragarria da, asko miresten dugu eta, gainera, lanbidean hasi zenetik gertu-gertutik jarraitu ditugu haren urratsak”, baieztatu du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko Zuzendariak. Aktore espainiarrak protagonismo bikoitza izango du; alde batetik, 67. Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko du, Donostia sari bat, hain zuzen; eta bestetik, nazioarteko zinema jaialdiaren kartelaren protagonista izango da.
Gaur aurkeztu dute Rebordinosek eta Ruth Perez de Anuncita Zinemaldiko komunikazio zuzendariak 67. Zinemaldiko kartela; aurkezpenean bertan eman dute Penelope Cruzek Zinemaldian izango duen paperaren berri. Zinema jaialdiaren webgunean Alcobendaseko aktorearen erreakzioaren berri eman dute, eta Cruz pozik eskertuta agertu da: “Donostia Sariaren berri hau emozioz beteta eta Donostia Zinemaldiarekiko esker onez jaso dut, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazioartean errespetu handia duen zinema jaialdia, Espainiako garrantzitsuena ere bada. Gainera, maitasun berezia diodan lekua da, oso gaztetatik bertaratu naizelako eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako bertan. Mila esker bihotz-bihotzez”.
Penelope Cruz Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko duen bosgarren aktore espainiarra izango da, Fernando Fernan Gomez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008) eta Carmen Mauraren (2013) ondotik. Madrildarra da nazioartean arrakasta handiena izan duen aktore espainiarra, eta horren seinale dira irabazi dituen sariak. Esaterako, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Bafta saria irabazi zituen Vicky Cristina Barcelona filmagatik (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak 2008); hiru Goya La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Volver (Pedro Almodovar, FIPRESCI Sari Nagusia 2005) eta Vicky Cristina Barcelona filmetan egindako lanagatik; Canneseko zinema-jaialdiko emakumezko interpretazio onenaren sari kolektiboa (Volver), ohorezko Cesar saria eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2018), beste aintzatespen askoren artean.
Aurki nazioarteko bi produkziotan hartuko du parte, Simon Kinbergen 355 -en eta Todd Solondzen Love Child-en hain zuzen. Ibilbide luzea du Cruzek, eta gaztelania, ingelesa, italiera eta frantsesa erabili ditu bere lanetan. Protagonista izan da, besteak beste, film hauetan: Belle Epoque (Fernando Trueba, 1992, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Jamon, jamon (Bigas Luna, 1992), Abre los ojos (Alejandro Amenabar, 1997), La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodovar, 1999, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Sin noticias de Dios (Agustin Diaz Yanes, 2001), Vanilla Sky (Cameron Crowe, 2001), eta Elegy (Isabel Coixet, 2008), Nine (Rob Marshall, 2009), Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides (Rob Marshall, 2011), To Rome With Love (Woody Allen, 2013), Ma ma (Julio Medem, 2015), Todos lo saben (Asghar Farhadi, 2018), Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019) eta Wasp Network, Olivier Assayasek zuzendua eta oraindik estreinatu ez dena.
Donostian hirutan lehiatu da Zinemaldiaren Sail Ofizialean: Todo es mentira (Alvaro Fernández Armero, 1994), Volaverunt (Bigas Luna, 1999) eta Venuto al mondo (Sergio Castellito, 2012). Loving Pablo (2017) aurkezteko izan zen azken aldiz Donostian, Javier Bardemekin batera, Perlak sailaren itxiera-ekitaldian, Belodromoan egin zen emanaldi jendetsu batean.
TGA estudioaren kartela
Donostia Zinemaldiak karteletarako diseinu berri bat abiarazi zuen 2018an, konposizioan argazkiak eta marrazkiak uztartuz, eta zinematografia garaikidearen figura bat txertatuz. Isabelle Huppertek inauguratu zituen kartel horiek iaz, eta aurtengo kartel ofiziala TGA estudioak egin du, Nico Bustos argazkilariak Cruzi eginiko erretratu batetik abiatuta. “Hamabost urteko ibilbidean, Donostiako TGA estudioaren funtzionaltasunaren eta estetikaren nahasketak eta lengoaia bisual bereizgarriak, besteak beste, Donostia Kulturaren, Kutxa Fundazioaren, Elias Querejeta Zine Eskolaren eta Aquariumen nortasunak taxutu dituzte”, adierazi dute antolatzaileek. Estudio berak egin ditu, halaber, Zinemaldiko gainerako sailen kartelak ere: New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest Film Students, Culinary Zinema eta Roberto Gavaldoni buruzko atzera begirako zikloa.
Gaurtik aurrera salgai egongo dira 67. edizioaren inaugurazio eta amaiera galetarako sarrerak. Zeremonia bakoitzerako gehienez ere lau sarrera erosi ahal izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.