200 gaztek antzeztuko dute 31. Antzerki Topaketan
Maiatzaren 21ean hasiko da Donostiako 31. Antzerki Topaketa eta ekainaren 22ra arte iraungo du. Denbora horretan, 18 obra antzeztuko dituzte (11 euskaraz eta 7 gaztelaniaz) 14 eta 30 urte arteko 200 ikasle inguruk, hiriko lau agertoki desberdinetan: Antzoki Zaharrean, Gazteszena aretoan, Lugaritz Kultur Etxean eta Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, hain zuzen. Egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.
Gazteen eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea du helburu topaketak, eta aktore edo ikusle gisa hartu dezakete parte gazteek, horrela euren sormen gaitasuna sustatuz. Nerea Gorriti, Esti Curiel eta Ander Azurmendi aktoreak izango dira gazteen antzezlanak baloratuko dituztenak, eta sariak ekainaren 22an banatuko dituzte, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.
Hiru euroko prezioa izango dute sarrerek, eta Antzoki Zaharrekoak, Gazteszenakoak eta Lugaritz Kultur Etxekoak Donostia Kulturaren webgunean jarriko dituzte salgai ostiraletik aurrera. Kutxa Kultur Kluba aretoko sarrerei dagokienez, Tabakalerako leihatilan erosi ahal izango dira emanaldi bakoitzaren egunean bertan.
Sari banaketa
Bi kategoriatan bereizten dira topaketako antzerki taldeak: Junior kategoria (14-18 urte arteko antzezleak, 9 talde) eta Senior kategoria (18-30 urte arteko antzezleak, 9 talde).
Lau sari banatuko dituzte kategoria bakoitzean:
- Obra onenari: Berriro antzezteko aukera eta bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.
- Talde artistiko onenari: Bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.
- Taularatze onenari: Bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.
- Ikusle gehien biltzen dituen emanaldiari saria: Bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.