2021erako plastikozko poltsak hiritik desagerrarazi nahi dituela esan du Goiak
Sarriegi plazan eginiko agerraldian, Eneko Goia alkateak adierazi du, hauteskundeak irabaziz gero, Donostia “plastikozko poltsak erabat kenduko dituen lehenengo euskal hiriburua” bilakatuko duela. Proposamena hiria “aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren lehen lerroan” kokatzeko abiapuntu sendoa dela azpimarratu du EAJren hautagaiak, eta helburua 2021erako bete nahi duela zehaztu du.
Finkaturiko xedea lortzeko, kontsumo-ohituren aldaketa beharrezkoa dela nabarmendu du alkategaiak, eta horretarako ekimen publiko-pribatuaren estrategia definitu, herritarren kontzientziaziorako kanpainak egin eta merkatariekin akordioak lortuko dituela adierazi du. Proposamen konkreturik zehaztu gabe, Goiak aurreratu du plastikozko poltsen ordez herritarrek poltsa berrerabilgarriak, birziklagarriak edo biodegradagarriak erabiliko dituztela.
Iraunkortasun politikei dagokienez, alkateak gehitu du hirian badirela oraindik gehiago landu behar diren beste atal batzuk, hala nola, hondakinen gaikako bilketarena: “Legealdi honetan hondakinen ia %40a gaika biltzea lortu dugu, baina beste salto bat eman beharra daukagu”.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak aurkezturiko datuen arabera, Donostia Gipuzkoako azken postuan kokatzen duten birziklatzeari dagokionez, gipuzkoar bakoitzak urtean batez beste 160kg errefus sortzen dituen bitartean, donostiar batek 288kg sortzen dituelako.