Bertso afaria egingo dute Istingorra elkartean, Andoni Egaña, Jone Uria eta Unai Iturriagarekin
Bigarren urtez bertso afaria antolatu dute Antiguako Istingorra elkartekoek. Maiatzaren 25ean izango da Istingorra elkartean, eta Andoni Egaña, Jone Uria eta Unai Iturriaga bertsolariak izango dira protagonistak. Sarrerak dagoeneko salgai daude auzoko Bodegon Antiguo tabernan eta Istingorra elkartean bertan, 25 euroren truke.
“Lehengo urteko erantzuna ikusita aurten ere bertso afaria antolatzera animatu gara”, adierazi du Alex Ferro Istingorra elkarteko kideak. Euren asmoa urtero saio bat egitea dela kontatu du, eta helburu nagusia da “inguruko lagunak eta bertsozaleak elkartzea, gau eder bat pasatzeko”. Ferrok jakinarazi du Ander Aranburuk egingo dituela gai jartzaile lanak: “Ander auzokidea dugu, eta esan beharra dago mimoz prestatzen ari dela saioa”.
Afariaren inguruko edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki bat jarri dute, Whatsapp bidez idazteko: 689 931 102.