GuraSOSek Hitzartu prozesuaren balorazioa aurkeztu du, eta aurrera begira jarri da
Hondakinen kudeaketa hauteskunde eztabaidan sartu nahi du GuraSOSek. "Mingarria da ikustea erakundeek erakutsi duten gizarte mugimenduekiko, eta batez ere, herritarren lanarekiko mespretxua".
Hiru urte bete dira GuraSOS sortu zutenetik. Koldo Mitxelenan eskainitako agerraldian denbora honetan egindako lanaren balorazioa egin dute. “Intentsitate handiko hiru urte izan dira eta ahalegin betekoak. Hori ezingo du inork ukatu. Gure ekimenaren erakusle nagusia Hitzartu prozesua izan da”, azaldu dute.
“Hitzartu ekimenak frogatu du gizartea antola daitekeela eta abian jar dezakeela teknikoki konplexua den prozesua, eta praktikara eraman arrakastaz eta kalitate tekniko handiz. Frogatu dute badirela parte-hartze kanalak eta teknikak instituzioetakoek ez bezala funtzionatzen dutenak, eta administrazioek ez dakitela edo ez dituztela abian jarri nahi”, azaldu dute. Erakundeek GuraSOSen prozesua ezkutatu nahi izan dutela gaineratu dute, “hain zuzen ere, arrakasta bildu duelako”. Ondorio gisara azpimarratu dute “alternatiba bideragarria” dela.
Hondakinen kudeaketa hauteskunde eztabaidan sartu nahi du GuraSOSek. “Mingarria da ikustea erakundeek erakutsi duten gizarte mugimenduekiko, eta batez ere, herritarren lanarekiko mespretxua”. Bizitza, osasuna eta ingurumenaren segurtasuna lehen lerroan jarri nahi dituzte, “Barne Produktu Gordinaren aurretik”. Eztabaida hori ireki nahi dute.
Hitzarturen datuak
50.000 lagunetik gora izan dira prozesuaren mobilizazioetan parte hartu dutenak, eta alor hainbatetako 180 pertsona ezagun inguruk babestu dute. Era berean, 10.000 lagunek baino gehiagok egin dute diru ekarpena. “Prozesu guztia izen handiko batzorde zabal batek bermatu du. Horien artean daude CSICeko zientzialari bat (Ernesto Ganuza), EAEko Auzitegi Nagusiko magistratu bat (Garbiñe Biurrun), unibertsitateko bi katedradun (Pedro Ibarra eta Juanjo Alvarez) eta, Eusko Jaurlaritzako ingurumen kontseilari ohi bat (Esther Larrañaga) eta idazle bat (Bernardo Atxaga)”. Lan horren emaitza izan da herritarrek bultzaturiko Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana 2019-2030.
Eztabaida, parte-hartze eta mobilizazioko 4 urte izan direla nabarmendu dute GuraSOSeko arduradunek. “Gipuzkoako gizarteak alternatiba tekniko bat jarri du mahai gainean. Klima-aldaketara eta ingurumen-suntsipenera eraman gaituzten inertzia eta eredua zuzentzeko mobilizazioak zabaltzen ari dira Europan”. Gazte erakundeei eta oro har gazteei proposatu diete azter dezatela ea komeni den maiatzaren 24an belaunaldiarteko mobilizazio handi bat egitea. Dagoeneko jarri dira ikasle eta gazte erakundeekin harremanetan, eta gauza bera egingo dute gainerako gizarte eragileekin.