Realaren asteburu aparta garaipenarekin biribildu dute mutilek
Realeko zaleek ezer gutxi eska zezaketen larunbat gauean Sandra Ramajo kapitainak Granadan kopa nola altxatu zuen ikusi eta gero. Neskek lorturiko balentriari esker, klubak titulu berri bat lortu zuen 32 urteren ostean, zale guztien zorionerako. Igandean, ordea, Realak bigarren hitzordu bat izan zuen, Anoetan. Ospakizun egunean, gizonen taldea Real Madrilen aurka lehiatu zen etxekoei denboraldiko azken garaipena eskaintzeko asmoz, eta Imanol Alguacilen mutilek ez zuten huts egin. Milaka lagunen bultzadarekin, Realak asteburu aparta biribildu zuen atzo Anoetan.
Asteburua, ordea, ez zen perfektua izan. Izan ere, Realaren hockey taldeak play-offeko lehen kanporaketa galdu zuen Juniorren aurka, eta ezin izango du iaz irabazitako liga titulua final laurdenetan babestu.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek porrot gogorra jaso zuen Fuenlabradaren aurka, puntu bakarreko aldearekin.
Eskubaloian, azkenik, Bera Berak sailkapenaren burua berreskuratu du behin-behinean, Rocasak bere norgehiagokan egingo duenaren zain.
FUTBOLA
Kopako finala
-
Atletico Madril 1 – 2 Reala
Gizonezkoen lehen maila, 37. jardunaldia
-
Reala 3 – 1 Real Madril
HOCKEYA
Emakumezkoen Ohorezko maila, play-offetako final-laurdena
- Junior 2 – 2 Reala
- Junior 5 – 1 Reala
SASKIBALOIA
ACB liga, 32. jardunaldia
-
Fuenlabrada 70 – 69 Gipuzkoa Basket
ESKUBALOIA
Emakumezkoen Ohorezko maila, 24. jardunaldia
- Bera Bera 26 – 25 Zuazo