Bizitza Da Handienak eraikin publiko batean eginiko okupazioaren auzia astebete atzeratu dute
Bizitza Da Handienak eraikina astebetez okupatu zuen iazko maiatzean eginiko Borroka Sozialen Astean, protesta ekintza gisa. Ertzaintzak gazte bat identifikatu zuen orduan, eta okupazioaren arduradun izatea leporatzen dio orain. Epaiketa gaur goizean egin behar zuten, baina poliziak ez dira agertu eta auzia hurrengo asteartera arte atzeratu dute.
Gaur Donostiako epaitegira joan den gazteari 63 eragilek osaturiko Bizitza Da Handiena mugimenduak eginiko okupazioaren arduradun bakarra izatea leporatzen diote. Epaiketa astebetez atzeratu da, ordea, jarri duten salaketaren ondorioz deklaratu behar zuten ertzainak auzitegira joan ez direlako. Antza denez, poliziak ez dira agertu epaitegiak deitu ez dituelako.
Auzipetuaren defentsak adierazi du ertzaintza epaiketara agertu ez izana ez dela beraien errua, eta auziarekin aurrera egiteko eskaria egin du. Epaileak, ordea, epaiketa atzeratzea erabaki du hala ere. Gazteari usurpazio delitua egozten diote, eta fiskalaren zigor eskaera ezagutzear dago oraindik.
Auzitegiaren kanpoaldean, Bizitza Da Handiena mugimenduak deituta, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute gaztearen absoluzioa eskatzeko, Eraikin publikoak herritarronak dira, ez administrazioarenak! Okupazioa ez da delitua! lelopean.