Monpasko pasabidearen proiektua berreskuratu nahi du Ernesto Gascok
800 metroko Monpasko pasabidea eraikitzeko “aldeko apustua” egingo duela adierazi du Ernesto Gasco PSE-EEko alkategaiak, bere zerrendako beste hautagaiekin batera Saguesen egin duen agerraldian. Gascok azaldu duenez, garrantzitsua da bera Alkatetzan egotea Monpasko pasabidearen moduko “proiektu estrategikoak zuzendu eta bultzatu” ahal izateko. Izan ere, bere ustez, “Donostiako itsasertzaren erremate ezinhobea izango da”. Pasabidearen harira, azken bi legealdietako udal gobernuei ere kritika egin die alkategaiak: “EAJ alderdiak legegintzaldi honetan eta EH Bilduk aurrekoan, ez zuten ezertxo ere egin jarduketa horren alde, eta uko egin zioten 9 milioi euroko laguntza baliatzeari”. Donostiako alkate izatea lortuz gero, proiektua Estatuko aurrekontu orokorretan sartzeko eskatuko duela esan du Gascok. Odon Elorza (PSE-EE) alkate zenean aurkeztu zuten lehen aldiz Monpasko pasabidea egiteko proiektua, 2006. urtean.
Pasabideaz gain, Saguesko zonaldean beste aldaketa esanguratsu bat egin nahi ditu Gascok: Noria finko bat. Haren esanetan, noria “elementu erakargarria izango da gazte-izaera, surf-izaera, paseo-izaera eta aisia-izaera duen inguru horretarako”. Izan ere, zonaldea berrurbanizatzeko “jolas eta kirol eremuak, Aste Nagusiko kontzertuak eta surfaren praktika biltzen dituen eremu horren erakargarritasuna sustatuko duten apustuak” behar dira PSE-EEko alkategaiaren ustez.
Saguesko zonaldea urte hauetan hobetu egin dutela nabarmendu du Gascok, hala nola, etxeen ondoko espaloiaren zabalkuntzarekin. Horretaz gain, etorkizunera begira, Gros auzoko eta Saguesko zonalde batzuk leheneratzeko prozesuak garatu, ZMaren jarduera ekonomikoa berreskuratu eta Zurriola hondartzako kabinak hobetu behar direla deritzo Gascok.