D´enak Ohana Surf Club egitasmoa abian jarri dute Okendo kultur etxean
Donostia Kulturak surflarien komunitateko harremanak indartzeko D´enak Ohana Surf Club egitasmoa sortu du. Surfean espezializatutako liburutegi saila jarri dute Okendo kultur etxean, eta urte osorako programa antolatu dute.
Liburu aurkezpen, hitzaldi, proiekzio, erakusketa eta abarren bitartez surflarien artean hausnarketa sustatu nahi dute proiektuaren sortzaileek, bai gertuko ingurunearen gainean (Zurriola, Sagues eta Groseko auzoa), bai bestelako inguru metaforikoagoen gainean ere.
Surf kulturaren transmisioaren etenak sortutako hutsunea betetzeko helburuz sortu da D´enak Ohana Surf Club egitasmoa. Surfa berriro balore positiboekin lotzea lortu nahi da, belaunaldi ezberdinetako surflarien artean esperientziak, informazioa eta ezagutza elkar banatuz. “Iraganean, 40ko eta 50eko hamarkadetan, surflariek izaera propioa zuen komunitatea osatzen zuten. D´enak Ohana proiektuak garai zahar haietako hondartzako kultura eta laguntasun giroa berreskuratzeko xedea du”.
Susana Bustero Okendoko zuzendariarekin batera antolatu dute programa Sancho Rodriguez, Angela Zozaya eta Iñigo Gaitonek, eta haiek koordinatuko dute. Xabi Zirikiain proiektuaren arte zuzendaria izango da, eta ekimenaren estetikaz arduratu da.
Programazioa:
- Maiatzak 15, 19:00. Limoi tantak zaurian saioa. Jonan Etxebarriaren Socorrismo para surfistas liburuaren aurkezpena; Surf bidaietarako segurtasun quiverra hitzaldia, Janire Virgala; Limoi tantak zaurian solasaldia: olatu handiak eta esperientzia erradikalak, Axi Muniainekin; eta Bob McTavish-en More stoked! liburuaren aurkezpena.
- Ekainak 20, 19:00. Diseinua, surfa eta ardiak saioa. Groseko Indarra Surf Taldea: hezkuntza proiektuaren aurkezpena, Jon Mikel Zubeldiaren eskutik; Diseinua, surfa eta ardiak hitzaldia, Joseba Attard; Fergal Smith surflariarekin elkarrizketa, skype bidez; eta Beyond the Noise filmaren proiekzioa.
- Uztailak 25, 10:30. Biblioplaya saioa, Groseko Indarra Surf Taldearen egoitza ondoan; Biblioplaya: liburuak hartuta hondartzara; eta film proiekzioak 22:00etan, Sambal II eta Free Jazz Vein.