Errealitate birtualaren bidez ezagutu ahalko dira udal kiroldegiak
Donostia Kirolak egitasmo berri bat aurkeztu du hiriko udal kiroldegiak errealitate birtualaren bidez bisitatzeko. Kirol guneak eta duten ekipamendua hobeto ezagutzeko tresna gisara aurkeztu dute. Bisita birtualen bidez, 360º-ko teknologiarekin era interaktiboan ezagutu ahal izango dira hiriko kirol guneak.
Altzako udal gimnasio berria da era birtualean bisitatu daitekeen aurrenekoa. Donostia Kirolaren webgunearen bidez egin daiteke edo zuzenean helbide honetan. Urtarrila bukaeran ireki zuen udalak gimnasioa, eta lehen hiru hilabeteetan 15.000 erabilera baino gehiago izan dituela azpimarratu dute.
Lehen emaitzarekin gustura geratu direnez, Donostia Kirolak gainerako udal kirol instalazioen bisita birtualak egitea aurreikusi du.