Geltokietako zerbitzua erabiltzaileen eskariaren arabera egokitzeko sistema bat probatuko du Dbusek
Autobus geltokietan zain dagoen pertsona kopurua abiapuntu hartuta, zerbitzua erabiltzaileen benetako eskaerara egokitzea ahalbidetuko dion sistema berritzaile bat ezarri du Dbusek. Sistemak aukera ematen du denbora errealean kalkulatzeko zenbat pertsona dauden autobusaren zain geltokian, datu horrekin jakiteko noiz indartu behar den zerbitzua autobus gehiagorekin, eta, horretarako, ikusmen artifizialeko sentsoreak erabiltzen ditu.
ATUCek (Hiri Garraio Kolektiboen Enpresa Kudeatzaileen Elkartea) Teknologia Berriak, Marketina eta Kalitatea Batzordea egin du berriki Madrilen, eta Batzorde horren barruan aurkeztu du Dbusek sistema hori. Harrera oso ona eduki du sistemak, eta, han ikusi denez, Europako erreferente gisa zerbitzuaren eta teknologiaren abangoardian egoten jarraituko du.
Hasteko, bost panel elektronikotan instalatu dira sentsore horiek, eta prozesadore batek, sentsoreetatik jasotako datuak monitorizatu ondoren, balio bat kalkulatu eta kontrol zentrora datu bat bidaltzen du 60 segundoan behin geltoki bakoitzetik. Horrela, une bakoitzean geltokietan dagoen eskariaren arabera indartu daiteke zerbitzua.
Hauek dira sistema hori duten panel elektrikoak:
– Erdialdean, Askatasunaren hiribideko 21ekoa (13-37 lineak).
– Erdialdean, Askatasunaren hiribideko 15ekoa (9-29-42 lineak).
– Grosen, Pinares-Mirakruz 16 (13-27-37 lineak)
– Erdialdean, Urbieta 6 (19-23-26-31-32-36-46 lineak)
– Erdialdean, Urbieta 58 (21-28 lineak)
Era berean, emaitzak positiboak baldin badira, sistema panel elektronikoa duten Dbuseko gainerako geltokietan instalatzeko aukera aztertuko da. Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea, eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.
Eguzki energiaz elikatzen diren bi panel jarri dituzte
Donostian teknologia honekin funtzionatzen duten lehen bi panel elektroniko jarri dituzte. Panel horiek autobusen geltokietako iritsiera orduak ematen dituzte, bai eta erabiltzaileentzat interesgarriak diren beste abisu batzuk ere. Hirian instalatuta dauden gainerako panelen aldean, panel berriek elikatze sistema alternatibo eta berriztagarria erabiltzen dute, markesinen goiko aldean jarritako eguzki plaken bitartez elikatzen baitira.
Panelak E-MOBASK proiektu europarraren barruan instalatu dira, proiektuaren helburua Euskal Eurohirian garraio publiko erakargarriagoa, errazagoa eta iraunkorragoa bultzatzea da-eta. Zehazki, eguzki panel berri horiek Ategorrieta 65eko geltokian (14 eta 33 lineak) eta Mikeletegi 12koan (17, 28, 31 eta 35 lineak). Energia berriztagarriz elikatzen dira eta sare elektrikotik energia gutxiago kontsumitzea ahalbidetuko dute.