Liberty or Death (zinema historikoaz berriro)
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘PETERLOO’
Zuzendaria: Mike Leigh
Urtea: 2018
Herrialdea: Erresuma Batua
Aurreko asteko kritikan film historikoei buruz jardun nuen Vitoria, 3 de marzo filmaren estreinaldia zela eta. Orduan aipatu nuen genero horren ekarpenik handiena ez dela hainbeste filmek irudikatzen duten garaira hurbiltzea, baizik eta aurkeztutako gertakariak gurera ekartzeko gaitasuna. Atzera begiratzea ondo dago, baina beti zer lurzorutan gauden konturatu behar gara. Lehenaldia gure orainaldiarekin (eta are gehiago, gure etorkizunarekin) lotzen duen zilbor-hestea da. Azken batean, historiarik (lehenaldirik, oroimenik) gabeko gizartea noraezean dabilena izaten baita, eta horrek pertsonak maneiagarriak bihurtzea eraman dezake. George Orwell idazleak 1984 eleberrian zioen bezala: «Iragana kontrolatzen duenak etorkizuna kontrolatzen du: oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du». Horregatik historian oinarritutako filmeetako begirada garbia, erantzulea eta zintzoa izan beharko litzateke, irudiek ikusleengan duten eragina handia dela kontutan hartuz.
Ildo horretatik jarraituz, aste honetan Mike Leigh britainiarraren azken filmak, Peterlook, orain dela 200 urte jazotako gertaera odoltsua islatzen du. 1819ko abuztuaren 16an Manchesterreko Saint Peter’s Field plazan 60.000 lagun bildu ziren britainiar gobernuari erreforma sozial eta politikoak modu baketsuan eskatzeko. Jakinik Napoleon lau urte lehenago Waterloon behin betiko garaitua izan zela, herritarren edozein protestek edo eskarik Frantziako iraultzaren «mamuak» berragertzen zituen askorentzako, batez ere aristokrazia eta lur-jabeentzako. Gauzak horrela, britainiar gobernuak indar militarrak Manchesterrera bidali zituen eta bildu zirenen aurka egin zuten bortizki, guztira 18 pertsona hilez eta ehunka zaurituz.
Mike Leighen filmak ia ahaztutako gertaera bat geureganatzen digu, eta pentsa genezake Ingalaterran jazotako zerbait denez, normala dela hura ez ezagutzea. Baina usteak erdia ustel. Zuzendariak hainbat elkarrizketatan aipatu bezala, Peterlooko sarraskia ez da oso ezaguna Erresuma Batuan eta horregatik bakarrik, Peterloo film didaktikoa ere izan daiteke. Oroimen historikoa bizirik mantentzearen beharra ikustarazten digu. Gurera ekarriz, une batez pentsatu dezakegu: zer gertatuko litzateke Gernikako bonbardaketa ahaztuko bagenu?
Peterloo film deskribatzailea eta erretorikoa ere bada, bi ordu eta erdiko iraupenetik sarraskiak ordu erdi irauten baitu bakarrik; hori bai, gordintasunez erakutsita. Baina Mike Leighi pertsonaiek hitz egitea gustatzen zaio, bere film guztietan modu batera edo bestera hitzak duen garrantzia gailentzen baitu (adibide hoberena 1996ko Secrets & Lies litzateke). Peterlooko sarraskian gertaturikoa erakustea garrantzitsua da (esan bezala, zehatz-mehatz ikusiko dugu), baina baita ere pertsonaia guztiek egiten dutena ulertzea, eta horregatik, Peterloon asko hitz egiten da, bai herritarrek (gizonek, zein emakumeek) antolatzen dituzten bilera txikietan, bai lur-jabe eta agintariek esaten duten guztian. Azken hauek barregarri eta karikatura moduan aurkezten zaizkigu.
Bestalde, Peterloo gisako film batek ez du protagonista bakarra, eta ikusleak batekin baino gehiago, kolektiboarekin bat egiten du: lantegietako ehuleak eta bere familiak, hizlari erradikalak (Henry Hunt politikariaren anbiguotasuna aipagarria da), biltzen diren emakumeak bilerara eskakizunak eramateko, hastapenetan dagoen prentsako kazetariak… Hori bai, horrelako film batek ahulak direnen sufrimendua erabiliko du ikuslea deseroso sentiarazteko. Honen eredurik garbiena filmaren hasieran Waterlootik traumatizatua itzuli den mutila izango genuke. Hainbeste film gainean ditugu, ez dela harritzekoa izango sarraskian biktimetako bat bera ere izatea. Irudi jasangaitz eta bidegabeak ere ikusiko ditugu horrela (zaldi batek jaioberri bat zapaltzen du, adibidez). Mike Leighek Eisensteinen Bronenosets Potyomkin filmeko Odessa eskailerak ondo ezagutzen dituela argi dago.