Gehiago eraikiz eta 'cohousing'-a sustatuz egin nahi dio aurre Goiak etxebizitza eskuratzeko zailtasunari
Jolastokietako Harrobieta plazan eginiko agerraldian, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako proposamenak aurreratu ditu Eneko Goia alkateak. Bere zerrenda kideez lagundurik, EAJren hautagaiak adierazi du etxebizitza bat izateko “hiriak gazte zein helduei jartzen dizkien zailtasunak” ezagutzen dituela, eta horiei erantzuna emateko “betiko formulak eta formula berriak” erabiliko dituela esan du.
Betiko formula horiei erreferentzia eginez, etxebizitza berrien sorrera sustatu beharra dagoela adierazi du Goiak, eta bere udal gobernuak bultzaturiko Txomineneako, Infernuko eta Jolastokietako proiektuak ekarri ditu gogora. Horri helduz, bere alderdiak “eraikita dagoen hiriaren inguruan eraikitzeko printzipioa” jarraituko duela azpimarratu du alkategaiak.
Formula berriei dagokienez, berriz, lursail publikoetan lagapen erregimeneko cohousing etxebizitzak sustatzeko asmoa duela adierazi du alkateak. Etxebizitza kolaboratibo gisa aurkezten den modelo hori espazio pribatuen eta amankomunen nahasketan datza, hala nola, hainbat bizilagunentzako sukalde edo jantoki nagusi batekin. Halaber, gazteentzako alokairuzko etxebizitza publikoak eskaintzeko modalitate berriak areagotzera konprometitu da Goia, fokua etxebizitza partekatuetan jarriz.
Era berean, Donostia adineko jende asko dituen hiria izanik, pertsona horien beharrei egokitzen ez diren etxebizitza ugari daudela nabarmendu du Goiak. Hori dela eta, “pertsona bakoitzari bere errealitatearen araberako erantzuna ematen saiatuz”, adineko jendeari etxebizitza alternatiba hobe bat eskaini eta haien beharretara egokitzen ez diren etxebizitzak gazteei alokatzeko proposamena egin du EAJren hautagaiak.