Kalera aterako dira LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean
LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna da maiatzaren 17a, 1990ean Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela gogorarazteko. Hori dela eta, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak elkarretaratzera deitu du ostiralerako; mobilizazioa Bulebarrean izango da, 19:30ean, LGTBIfobiarik gabe bizi nahi dugu! lelopean.
“Homo-les-trans-fobia salatzeko elkarretaratzea antolatu dugu; oraindik 7 herrialde baitaude (Mauritania, Sudan, Nigeria, Somalia, Iran, Arabia Saudi eta Yemen), homosexualitatea heriotzarekin zigortzen dutenak, eta 70 herrialde dira, bere kode penalean homosexualitatea penalizatua dutenak”, adierazi dute EHGAM-ekoek. Gainera, protestaren aurretik informazio-mahai bat jarriko dute Bulebarrean bertan.
Apostasia egiteko deia
EHGAMek deitutako mobilizazioa ez da LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira hirian egingo den jarduera bakarra, izan ere, Parte Zaharreko Aurresku tabernan Apostafest jaia antolatu dute, herritarrak apostasia praktikan jartzera animatzeko. Jaiari hasiera emango diote 20:30ean, Parte Zaharreko Santa Maria elizatik abiatuko den “prozesioa”rekin. 21:00etan, “pikoteo girotua” egingo dute Aurresku tabernan, eta ondoren, 22:00etan, “meza nagusia”. 23:00etatik aurrera festa girotuko dute Sobria eta Serena DJek.
Antolatzaileek festan parte hartzeko deialdia egin dute, eta parte hartzaileei eskatu diete “jaunartzeko argazki politen bat” eramateko, eta mozorrotzera animatu dituzte. Honela definitu dute apostasia: “Kristautasunaren diktadurari uko egitea”. Apostasia egiteko “arrazoi mila” daudela argudiatu dute: “Eliza heteropatriarkala, faxista, matxista, lapurra, homo-lesbo-transfoboa, pederasta, espekulatzailea, eta abar luze bat da”.