Loiolarako dituen proposamenak aurkeztu ditu Ernesto Gascok
Donostiako auzoen garrantzia nabarmendu du Ernesto Gasco PSE-EEren alkategaiak, goizean Loiolako Latsarien plazan egin duen agerraldian. Bera alkateorde izan den azken legealdia “egonkortasunaren legealdia” izan dela adierazi du Gascok, eta auzoak hobetzeko lan egiteko garaia dela.
Orain arte Loiolan egin dituzten proiektuek PSE-EEren “aztarna” dutela nabarmendu du alkategaiak, baina auzoak “gehiago” behar duela, “Ibaiaren ondoko zonaldea eta Zorroagara doana lotzeko”. Horretarako, Loiolako bulebarizazioaren eraikuntza lanak jada lizitatu dituztela azpimarratu du Gascok. Azaldu duenez, ia 7.000.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak eta hamalau hilabeteko epean bukatuko dituzte lanak.
Donostiak “hobekuntza peatonalak” behar dituela adierazi du Gascok, “garraio jasangarria sustatuz”. Horren harira, aparkaleku gehiago sortzeko beharra ere nabarmendu du alkategaiak. Azaldu duenez, “gorakako aparkalekuak” –autoak aparkatzeko eraikinak– sustatuko ditu bere hautagaitzak, Loiolan 200 plaza berri inguru sortuz, eta Larratxon beste 300 plaza berri inguru. Horretaz gain, Bidebieta-Gaiztarro, Egia eta Ibaetako unibertsitateen zonaldeetako TAO sistema sendotu behar dela deritzo Gascok, “bizilagunen mesedetan”. Gainera, Realak Anoetan jokatzen duenean Amara Berrin eta Loiolan TAO sistema berezi bat jartzeko proposamena egin du. Gascoren aburuz, “EAJ ez da gauza izan aparkaleku arazoak konpontzeko”.
Espainiako Defentsa Ministerioarekin Loiolako kuartelak lekualdaltzeko akordio batera iritsi nahi dutela azaldu du PSE-EEren alkategaiak, inguru horretan “2.000 etxebizitzako auzo berri bat” sortzeko. Gainera, zonalde horrek etzandako igogailu bat izango lukeela azaldu du Gascok, Ametzagañako parketik Urumeako ibarrera joango litekeena.