Alba Menendez kapitainak beste urtebetez jarraituko du Bera Beran
Alba Menendezek, Bera Berako kapitainak, beste denboraldi baterako berritu du talde donostiarrarekin duen akordioa. Gauzak horrela, Zarauztarrak hamaikagarren urtez jokatuko du klubarekin, erabateko erreferente bilakatuta.
Akordioa iragartzeko klubak egin duen agerraldian, etxean beste urtebetez jarraitzeagatik pozik agertu da Menendez, eta urte hauek guztietan zehar klubak berarengan izan duen konfiantza eskertu nahi izan du. Gainera, datorren denboraldian Europan pauso bat aurrerago iristeko helburua ezarri dio bere buruari.
Kapitainarena taldearentzako albiste ezin hobea izan den arren, badira datorren urtean Bera Beran jarraituko ez duten beste zenbait izen. Izan ere, taldearekin 156 partida jokatu dituen Uxue Ezkurdia beteranoaren agurrari bi jokalari gehiago batu zaizkio: Nora Azurmendik eta Estitxu Berasategi. Azurmendiri dagokionez, taldea uzteko erabakia Imanol Alvarez entrenatzailearekin batera adostu duela aitortu du donostiarrak. Berasategik, aldiz, momentuz elitezko eskubaloia uzteko hautua egin duela adierazi du.
Agurrak agur, Bera Berak beste bi neurketa jokatu beharko ditu denboraldia amaitu aurretik, Xixon eta Alcobendasen aurka. Bi norgehiagokak garrantzi handikoak izango dira, talde donostiarrak Rocasari liga titulua kentzeko aukera baitu oraindik.