Bi urteren ondoren, Aiete eta Morlans lotuta daude
Joan den ostiralean jarri zuten martxan Morlans ibilbidetik Aieteko Izostegi pasealekura doan etzandako igogailua. 143 metro 70 segundotan egiten ditu igogailuak, %26ko inklinazioa du eta 25 pertsona eraman ditzake. Zonaldeak obretan jarraitzen du, etengabeko obrak izan baitira igogailuaren eraikuntza markatu dutenak.
2017ko apirilaren 11n adjudikatu zituen Aiete-Morlans igogailuen eraikuntza lanak Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Bi igogailu aurreikusten zituen proiektuak: Pio Baroja eta Aieteko pasealekua lotuko zituena eta aurreko asteburuan martxan jarritakoa. 1.559.361 euroko aurrekontua eman zioten proiektuari (227.832 euro Pio Barojakorako eta 1.331.529 euro Morlans ibilbidetik Izostegi pasealekura doanerako). 2017ko maiatzean hasi ziren bien eraikuntza lanekin, eta bederatzi hilabeteko epea jarri zieten lanei, hau da, 2018ko otsailerako prest egon behar zuten.
Pio Barojako igogailuak atzerapenak eta oztopoak izan zituen, baina 2018ko uztailean martxan jarri zuten. Abian jarri berri dutenak, aldiz, atzerapen eta oztopo gehiago izan zituen. Eraikuntza lanak hasi eta hilabetera, 2017ko ekainean, Morlans eta Lugaritz arteko tunela itxi behar izan zuten, segurtasun faltagatik, eta inguru hori berriz urbanizatzeko proiektua onartu zuen udalak uztailean.
Atzerapenak hasi besterik ez ziren egin, 2018ko urtarrilean proiektuan aldaketak egitea onartu baitzuen udalak. Aldaketa horien ondorioz, aurrekontua 131.401 euro gehitu zizkioten aurrekontuari, guztira 1.462.930 eurokoa izanik. Proiektua aldatu behar izana, Morlansko bidegorriaren tunel hasierako lur eremuaren egonkortasunaren eta erresistentziaren inguruko datuak zehatzak ez izateagatik izan zela esan zuen udalak, eta beraz, zonaldea indartzeko neurriak hartu behar zituztela. 2018ko abuzturako igogailua martxan egotea espero zuen udalak. Ekainean, ordea, atzerapenek jarraitu zuten, eta azaroan estreinatzea aurreikusi zuten.
Azaroan, zonaldea berriz urbanizatzeko lanak onartu zituzten, eta oztopo gehiago izan zituzten. Aurtengo otsailean, udala ez zen lanak amaitzeko epe bat ematera ausartu, eta urtea bukatu aurretik abian jartzeko helburua jarri zuen. Azkenean, 2019a bukatu aurretik lanak amaitzea lortu dute.
Hiriko mugikortasun bertikala
Donostiako Udalaren Mugikortasun Bertikalaren Planeko gauzatu duten azken proiektua da Morlans eta Aieteauzoen arteko igogailuarena. Horren aurretik, Aquariumeko eta Saguesko igogailuak eta Lizardiko eskailera mekanikoak egin zituzten, besteak beste.
Etorkizunera begira, tankerako beste plan bat martxan jarri nahi du udalak. Horretarako, hiritarren artean inkesta bat egin zuen, eta baita proposatutako zonaldeetako zenbaketa eta azterketa bat ere. Horren emaitza mugikortasun bertikalarekin hornitu beharreko ibilbideen zerrenda bat izan zen. Zerrenda horretako proiektu guztiak aurreikuspenak dira, eta onartzeke daude oraindik. Erregezaintza kaletik Heriz pasealekura joango den igogailuaren proiektua da lehentasun gehien duena, eta Altza, Egia eta Intxaurrondo dira proiektu gehien dituztenak.