«Erabakiak hartzeko ausardia falta da»
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen inguruko inkesta egin dugu, eta hainbat hiritarren iritziak jaso ditugu. Gorka Hoyos Kalapie Txirrindularien Elkarteko kideak kontatu digu zer eskatu nahi dion hurrengo alkateari.
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Proiektu handiak egin nahi izan dituen legealdia izan da. 2016 Europako Kultur Hiriburutza gisa hasi zen, eta horrek, urte eta erdi eraman zuen. Handi etorri zen eta txiki joan zen 2016. Behin 2016 igarota, Anoetako futbol zelaiaren berrikuntza, turismorako egoitzak eta metroaren proiektuetara zuzendu dira esfortzu asko. Ondorio orokor gisa, gauza handi askotarako bai, baina txikiak baztertuak izan direlako sentsazioa izan dut.
Nola ikusten duzu Donostia?
Aukeraz beteriko hiria ikusten dut Donostia. Biztanle kopuruak eta hiri tamainak aukera asko ematen dizkigu arlo desberdinetako proiektuak aurrera eramateko, hirigintza, kultur edota hezkuntza eremuetan, besteak beste. Jende asko dabil proiektu txiki eta ertainak aurrera eraman nahian, auzoetan eta taldean lan egiten. Horiek babesteko eta bultzatzeko bideak finkatu eta sendotu beharko lirateke.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Francesco Tonucci-ren Haurren Hiria liburua irakurtzeko eskatu nahiko nioke, bereganatu dezan zein den haur batek hiriaren inguruan duen ikuspegia. Haur bat hirian libre eta eroso sentitzen bada, hiria ondo dagoelako seinale da. Honekin batera, alkate bat biztanleriaren eredu eta adibide izatea gustatuko litzaidake. Beraz, mugikortasun arlotik behintzat, egunero udaletxera oinez edo bizikletaz joatea eskatuko nioke.
Nola ikusten duzue hiriko mugikortasuna eta txirrindularien egoera?
Ba aldatze prozesu motel batean dagoela oraindik. Estatuko beste hiriburu batzuekin konparatuta, mugikortasun arlotik, atzean gelditu gara. Eraldaketa handia eta sakona behar du hiriak, pauso handi bat eman behar dugu, eta behingoz, ibilgailu pribatuaren erabilera debekatzeko; espazio publikoak oinezkoei eta txirrindulariei bueltatu behar zaizkie. Alde tekniko eta ekonomikotik eraldaketa sakon hori egin daiteke, baina aurrera eramateko, politikoki erabakiak hartzeko ausardiaren faltan gabiltzala uste dut.