"Gaztea naiz oraindik, eta nire hazkundearekin jarraitzeko helburu berriak bilatu beharko dira"
Realaren denboraldi bikainaren eta Granadan irabazitako koparen arduradun nagusietako bat da.
Bere golekin, Nahikari Garciak (Urnieta, 1997) berebiziko garrantzia hartu du hamaikakoan, eta Espainiako selekzioan ere lekua egitera iritsi da. Bere izena, ordea, aski ezaguna bilakatu da kanpoan ere, eta aurrelari gazteak klubarekin duen akordioa amaitzear dagoela, bere etorkizunak airean jarraitzen du.
Joan den asteburuan bizitako guztia digeritzeko astia izan duzu?
Ez behar bezainbeste. Iruditzen zait oraindik ez garela gertatutakoaz guztiz kontziente, finaleko argazkiak eta bideoak behin eta berriz ikusi ditugun arren. Jendeak bultzatu gaituen modua ikaragarria iruditu zait. Oraindik ez gara jabetu lortutakoaz, baina edonola ere, zoriontsu gaude. Hori garbi dago.
Atseden hartzeko une askorik ez duzue izan. Asteartean entrenamenduekin hasi zineten berriro.
Elkarrekin horrenbeste denbora pasatu ondoren, segituan faltan botatzen dugu elkar. Denon artean familia bat osatzen dugu nolabait, eta garrantzitsua zen lortu duguna elkarrekin errepasatu eta asimilatzea.
Gainera, aurretik beste hitzordu batzuk dauzkagu oraindik. Besteak beste, Euskal Herriko kopako finalerdia jokatuko dugu ekainaren hasieran, eta lanean jarraitzea tokatzen zaigu. Azken finean, hau da gure egunerokotasuna.
Ahotsa urratuta daukazu oraindik. Zer gertatu zen Granadan, partidaren ostean?
Zirraraz beteriko momentuak izan ziren. Zelaia berandu utzi genuen, une hori ahal bezainbeste luzatu nahi genuelako. Gero zenbait elkarrizketa eskaini eta hotelera joan ginen afaltzera, ondoren festarekin jarraitzeko. Behar bezala ospatu genuen.
Hurrengo egunean egundoko harrera egin zizueten Donostian. Nola bizi zenuten hori?
Bihotz-bihotzez eskertzekoa izan zen. Guretzako itzela izan zen, ez genuelako horrenbeste jende espero. Egun benetan hunkigarria izan zen, eta esker hitzak besterik ez dauzkat zale guztientzat.
Zenbateraino sinesten zenuten finala irabazteko zenituzten aukeretan?
Bagenekien oso zaila izango zela, baina erabat sinesten genuen gure aukeretan. Atletico Madrilek denboraldi perfektua egin du, ia akatsik gabekoa, eta hala ere, guk sinesten jarraitu genuen. Nik uste dut hori izan zela gakoa, gure betebeharra finala irabaztea zela barneratu genuela.
Askotan, ordea, sinestearekin soilik ez da nahikoa izaten. Zerbait gehiago behar da horrelako final bat irabazteko. Zuen kasuan, zer izan zen?
Ilusioak mugitzen gintuen, eta finalean bihotza jarri genuen hasieratik amaierara arte. Partidan argi ikusi zen baloi bakoitza borrokatzen genuela, markagailua kontran edukita ere, gure aukera edozein unetan iritsiko zela bagenekielako. Eta iritsi zen.
Atleticok gola sartu eta hiru minutura, Palaciosek neurketa berdindu zuen.
Bai, eta horrek partidan sartu gintuen berriro. Gero borrokan jarraitu genuen, bigarren zatian nire gola iritsi zen arte. Jaurtiketa ez nuen ikusi, sentitu baizik, eta argi jakin nuen baloia barrura sartuko zela. Sekulako zirrara-eztanda izan zen guretzat, aurretik jartzea lortu genuelako. Hortik aurrera, eustea besterik ez zitzaigun geratzen.
Eta taldeak gogor eutsi zuen, Quiñones atezainari esker neurri handi batean.
Asko sufritu genuen norgehiagoka osoan zehar, baina azken minutuetakoa bereziki gogorra izan zen, eta une horietan Mariasunek [Quiñones] egundoko geldiketak egin zituen. Tentsio handiko minutuak izan ziren, baina zelai barruan eta kanpoan geundenon artean, erronka hori gainditzea lortu genuen.
Eta taldearen lehen titulua eskuratu zenuten. Zale askorentzat, Realarekin bizi duten bakarra.
Horregatik diot oraindik ez garela lortutakoaz jabetzen. Hau oso garrantzitsua izan da klubarentzat, eta espero dut garaipen honek Realaren hazkundea bultzatzen laguntzea, etorkizunean ere titulu gehiago etor daitezen.
Etorkizunik ez zaizue falta, ezta iraganik ere. Garaipen hau aurretik Realaren elastikoa jantzi dutenena ere bada, ezta?
Zalantzarik gabe. Borroka hau aspalditik dator, eta bidea ireki zutenek finala irabazi dugunon meritu berbera daukate. Lehen are zailagoa zen egunerokotasunean bizitza profesional bat eramatea eta lehiatzea, eta orain hemen bagaude, beste jokalari askok egindako lanari esker da. Hasieratik esan genuen finala denok jokatuko genuela, eta saria, noski, denona da ere.
Azken urteetan aldaketa nabarmenak eman dira gizartean, eta emakumeen futbolak leku gehiago hartu du.
Hala da, eta horren adibide dira azken urtean Anoetan jokatu ditugun partidak. Hori erregulartasun gehiagorekin lortu behar dugu hemendik aurrera, baina Zubietan ere nabaritu behar da. Jendearen ilusio horrek irautea espero dugu.
Zein da hurrengo pausoa?
Ibili beharreko bide luzea geratzen zaigu oraindik, hori ziurra da. Orain beste gauza batzuetan ikusi behar da aldaketa. Jokalariek euren lana behar bezala egiten dute, eta apustuak gero eta handiagoa izan behar du.
Bistakoa dirudi jokalarien baldintzak hobetzen badira emaitzek ere hobera egingo dutela, ezta?
Hori da eman beharreko hurrengo pausoa, bai. Jokalarien baldintzak eta baliabideak hobetzea mesedegarria izango litzateke, eta horretan datza gure borroka.
Gaur egun, ligako jokalarien %85 25 urterekin erretiratzen dira.
Orain arte oso zaila izan da maila profesionalean denbora luzez mantentzea, ekonomikoki ez zegoelako konpentsatua. Hori pixkanaka aldatzen joango dela uste dut, soldatak gero eta hobeak direlako, baina aldaketa garrantzitsu bat eman behar da. Espero dut etorkizunean egoera guztiz desberdina izatea.
Aperribai presidentearekin hitz egin duzue?
Presidentea gertuko pertsona da, eta egun hauetan ere alboan izan dugu. Ongi ezagutzen du taldekideon egoera.
Gonzalo Arconada entrenatzaile gisa hasi zenetik, Realak bilakaera nabarmena izan du urte eta erdian. Zer eman dio taldeari?
Profesionaltasun aldetik asko eman digu. Urte asko daramatza mundu honetan, eta bere esperientzia zabala gurekin partekatu du, futbolaren hainbat arlotan. Diozun bezala, taldeak hazkunde nabaria izan du bera iritsi denetik.
Zein balorazio orokor egiten duzu aurtengo denboraldiaren inguruan?
Nahitaez, balorazioak positiboa izan behar du, gure lehen titulua lortu dugulako. Hori esanda, ligan ere ondo aritu garela uste dut, bereziki bigarren itzulian, tarte horretan ia ez dugulako partidarik galdu. Datozen urteetan bide beretik jarraitu behar dugu, ligako sailkapenean gero eta gorago amaitzeko helburuarekin, eta kopan borrokatzen jarraituz, noski.
Eta zure denboraldiari dagokionez?
Oso pozik nago. Urte garrantzitsua izan da niretzat. Ligan eginiko golez gain, selekzioaren deia ere izan dut. Maila pertsonal zein profesionalean asko hazi naiz, baina gaztea naiz oraindik, eta hazkunde horrekin jarraitzeko helburu berriak bilatu beharko dira.
Realarekin oraindik ez duzu berritze akordiorik sinatu. Gaiari buruz hitz egiteko unea iritsi da?
Kopaz geroztik ez dugu horri buruz hitz egiteko unerik izan, baina datozen asteetan ikusiko da. Ea gauzak nola doazen. Ni momentuz lasai nago. Orain atseden pixka bat hartzeko denbora izan nahi dut, besterik gabe.
Duela gutxi, mahai-inguru batean, Vero Boqueterenaren moduko ibilbide bat izan eta talde bat baino gehiagotan jokatzea gustatuko litzaizukeela aipatu zenuen. Etorkizunean kanpora irteteko aukerak zabalik daude, hortaz?
Verok egin duena egitea ez da gauza erraza, inondik inora. Klub batetik bestera saltoka ibiltzea eta guztietan ondo aritzea polita bezain zaila da. Hori oso gauza berezia da, eta noski gustatuko litzaidakeela horrelako zerbait bizitzea. Baina oso ausarta izan behar da hori egin ahal izateko. Neure burua non kokatzen dudan ikustear dago oraindik.
Sandra Ramajok, berriz, etorkizuna garbiago du. Realean 11 urte eta 281 partida egin ostean, kapitainak futbola uzteko erabakia hartu du.
Hutsune handia utziko du, taldean urte asko egin dituelako eta gure kapitaina delako. Bera moduko jokalari bati eskerrak ematea besterik ez dago klubari eman dion guztiagatik. Izan ere, bera izan da gainerakoei bidea ireki diguten horietako bat. Zorionez, kopa altxatuz esan dio agur taldeari, eta une hori, guk denok bezala, betirako gordeko du.