«Kontua ez dadila soilik hitzetan gelditu»
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen inguruko inkesta egin dugu, eta hainbat hiritarren iritziak jaso ditugu. Nerea Aranburu aktoreak kontatu digu zer eskatu nahi dion hurrengo alkateari.
Nola baloratzen duzu Donostiako Udalaren azken legealdiko kudeaketa?
Hitz gutxitan esango nuke, nire iritziz ez direla nahikoa landu edo ukitu azken denboraldian Donostian izan diren gai garrantzitsuak, etxebizitza eta turistifikazio masiboaren kontrola, garrantzitsuenak aipatzearren.
Denbora (eta diru) gehiegi eskaini zaio Donostia donostiarrak ez direnentzat erakargarria bihurtzeari. Esaterako, horrenbeste argi, noria eta kartel erraldoi, eta bitartean, donostiar gazteoi hemen bizitzeko aukera kentzen ari zatzaizkigu. Ez diot inongo zentzurik aurkitzen.
Nola ikusten duzu Donostia?
Non begiratzen jakiten badugu, nik Donostia gazte, aldarrikatzaile eta aktibo bat ikusten dut. Azken urte gutxietan Donostian mugimendu feministak eman duen gorakada benetan pozgarria zait; erraustegiaren, metroaren eta turismo masiboaren aurka egin diren manifestaldi eta ekimenei buruz zer esanik ez.
Zer eskatuko zenioke Donostiako hurrengo alkateari?
Ba, hain zuzen, aurrez aipatu ditudan gaien lanketa handiago eta errealago bat. Kontua ez dadila soilik hitzetan gelditu. Era berean, eremu desberdinetan berdintasun politikak ezartzea ezinbestekoa dela ikusten dut. Ikuspegi feminista batekin landu behar dira, bai lan eremua, baita eremu soziala ere, eta, noski, kirolaren arloa. Larunbatean Realeko emakumeen garaipena zoragarria izan zen, baina ez dadila ahaztu garaipen horren atzean dauden soldata eta lan-baldintzen desberdinkeriak.
Nola ikusten duzu hiriko kulturaren eta antzerkigintzaren egoera?
Antzerkigintzaren inguruan esango nuke badagoela aukera. Agian, ez horrenbeste euskaraz, baina egon badago. Hala ere, ez nuke esango antzerkiaren kontsumoa zabala denik, ez dakit zergatik, baina ez gaude ohituak, adibidez, arratsalde batean antzerki bat ikustera joaten. Beraz, astekari hau irakurtzen ari dena Donostiako agenda hartzera eta antzerkia ikustera joatera animatu nahi dut. Esaterako, laster gazteen antzerki topaketak hasiko dira!
Kulturari dagokionez, argi dago beherakada bat eman dela euskarazko kulturaren kontsumoan. Egia da konpromiso pertsonal kontua dela, baina erakundeek ere paper garrantzitsu bat jokatzen dute, eta oztopoak jarri baino gehiago, euskal kultura bultzatu beharko lukete.