"Onartzeak berak lotsa ematen didan arren, aitortu egingo dut: ez dut ‘Game of thrones’ ikusi"
Telebista zein oholtza gainean ibilbide zabala duen aktorea da Tessa Andonegi donostiarra. Azken urteetan, ordea, bere jarduna gidoien idazketan eta zuzendaritzan oinarritu da.
Zergatik aukeratu duzu Sport taberna?
Betidanik etorri izan naizelako. Orain pixka bat sofistikatu den arren, lehengo esentzia berbera mantentzen du.
Parte Zaharrekoa zara, ezta?
Portu kalean bizi nintzen 24 urte bete nituen arte, eta gurasoek etxea hemen daukate oraindik. Hala ere, ez daukat oso garbi nongoa naizen. Erbesteratzearen gauzak. Orain, Astigarraga eta Oiartzunen artean egiten dut bizitza. Zu nongoa zara?
Antiguakoa.
Antiguakoak oso Antiguakoak zarete. Parte Zaharrekoak, aldiz, orain ez dira hain Parte Zaharrekoak. Auzoan kanpoko horrenbeste jende egotearen eragina izango da. Aldaketa asko eman dira, baina ez dakit onerako edo txarrerako izan diren.
Zer daukazu orain esku artean?
Asko ari naiz idazten. Azkenaldian zenbait gidoi idatzi ditut eta antzezlan batzuetan parte hartu dut. Gainera, Oiartzungo antzerki taldearen zuzendaria naiz. Hiru urte daramatzat hor lanean eta laster nik idatzitako obra berri bat estreinatuko dugu.
Nola deitzen da?
Obra Inframunduak deitzen da, eta Tinderren sortzen diren harremanei buruz hitz egiten du. Hemezortzi pertsonaia oso desberdinen historiak nahasten ditu.
Nolatan otu zaizu horri buruz idaztea?
Garai batean, Tinderren ibili nintzen denbora batez. Ez nuen asko iraun, baina ikusi nuenarekin iruditu zitzaidan hori ideia-meatze bat izan zitekeela. Aplikazioa jende arruntak erabiltzen du, bai, baina egia da hor pertsonaia berezi asko ere badabiltzala.
Oso kuriosoak izan daitezke halako sare sozialetan ematen diren hartu-emanak. Pertsona bakoitzak gauza konkretu bat bilatzen du, eta hori lortzeko bere burua saldu behar du. Nola ez, gezurra nagusi izan ohi da horrelakoetan.
Lan asko egin duzu zuzendari eta zuzendariorde gisa. Aktore izatea baino gehiago atsegin duzu?
Izatez, ni aktorea naiz, eta baieztapen hori egunero egiten diot neure buruari. Beste gauza batzuk ere gustuko ditudan arren, hori da nire benetako lana.
Pertsonaia bat antzezteko egin behar den ulermen eta enpatia ariketa egitea asko atsegin dut. Ingurukoen zergatiak zeintzuk diren ezagutzen saiatu behar gara, fikzioan zein errealitatean, besteak ez epaitzen ikasteko.
Enpatia prozesu horretan, bada bereziki markatu zaituen pertsonaiarik?
Aliziaren papera zortzi urtez egin nuen Goenkale-n. Indarrez, hori izan da gehien markatu nauen pertsonaia. Hasieran miretsi egiten nuen, baina Alizia apur bat tuntuna dela pentsatzen amaitu dut. Biok, pertsonaia eta ni neu, gauza berdina bilakatu gara, baina berari telesailean gertatzen zitzaiona ez nuen nik idazten.
Serie askotan hartu duzu parte baina, seriezalea al zara?
Banaiz seriezalea baina, onartzeak berak lotsa ematen didan arren, aitortu egingo dut: ez dut Game of thrones ikusi. Sektore marjinalekoa izango naiz agian, baina 80 kapitulu ikusi beharko nituzkeela pentsatzeak nagi handiegia ematen dit.
Zein serie ikusi duzu ba azkenaldian?
Ikusi dudan azkenetariko bat Black mirror da, bere gizarte distopikoekin. Asko atsegin dut, baina zenbaitetan izugarria bilakatzen da. Izan ere, hor agertzen diren zenbait gauza guztiz errealak dira jadanik gure gizartean.
Besteak beste, sare sozialen inguruko eromena jorratu du serieak. Zuk zeintzuk erabiltzen dituzu?
Instagram eta Twitter erabiltzen ditut. Lehenengoari dagokionez, hasieran zuen izaera artistikoa atsegin nuen, baina gaur egun badirudi irribarrez beteriko argazkiak argitaratzeko bakarrik balio duela. Twitter, berriz, gusturago erabiltzen dut. Ez dauka Instagramen postureo hori, eta ausarta bazara, pentsatzen duzun ia guztia idatzi dezakezu. Gainera,tarteka gauza samur eta ederrak ere topatzen dituzu zure txio jarioan. Arteak leku handia du Twitterren.
Artera bueltatuz, zein da zure film edo antzezlan begikoena?
Yasmina Rezaren Jainko basatia, zalantzarik gabe. Txalo taldearekin antzezteko zortea izan nuen, Aitziber Garmendia, Mikel Losada eta Mikel Laskurainekin batera. Roman Polanskik ere film ona egin zuen obran oinarrituta. Nabaritzen da gidoia emakume batek idatzi duela, gehienetan ez bezala, emakumeon pertsonaiak ongi gorpuztuta daudelako.
HAMABIETAN BERMUTA. Bermuta eta foie plantxan.
Non. Sport taberna (Parte Zaharra).
Prezioa: 5,70 euro.