Piztu dute Morlansko jaietako faroltxoa!
Umeak eskolatik atera direnean hasi dira Morlansko jaietako lehen jarduerak. Hain zuzen, merienda batekin hasi dira, eta ondoren, Eriz Magoak ikuskizun bat egin du auzoko umeentzat. Ikuskizuna amaitzean, euriari jaramonik egin gabe, kalejiran abiatu da helduz eta umez osatutako talde bat, Morlans zaharrera. Han argi-zuziak piztu dituzte, eta Danak bat elkartean geldialdia egin dute. Ondoren, Leire plazara abiatu dira, eta jaiei ofizialki hasiera eman dion txupina bota aurretik, bertso bat abestu dute, eta ohikoa bilakatu den faroltxoa piztu dute.
Hona hemen jaiei hasiera emateko auzotarrek abestu duten bertsoa:
Morlans goikoa eta
behean dagoena
bakarra izango da
festetan barrena
nahiz eta jakin auzo
hau anitza dena
hemen badugu zerbait
batzen gaituena.
Festen aitzakia
ederra nola zen
zerekin gozatua
badugu Morlansen
luze jarrai dezagun
giro bat osatzen:
Auzoa egin eta
auzoaz gozatzen.
Danborrada bertan behera gelditu dela jakinarazi dute antolatzaileek, baina festak berandura arte jarraituko du gaur. Leire plazan prest dituzte parrilak, sardina janerako, eta ondoren zezensuzkoa aterako da kalera. 22:15ean Back taldeak auzoa girotuko du, eta 00:30ean, Rock in the txosna saioarekin emango diote amaiera jaien lehen egunari. Aurtengo jai batzordea guztiz berria bada ere, adin guztietako pertsonentzako egitarau zabala prestatu dute astebururako.
Bideo batean jaso ditugu 2019ko Morlansko jaietako lehen eguneko hainbat irudi: