Reala berriz ere txapeldun
Gizonezkoen futbol taldeak 1987an Kopa irabazi zuenetik, Realak ez zuen titulurik irabazten. Belaunaldi berriek horrelako garaipenik ikusiko ez zutela zirudien, baina emakumezkoen taldeak lortu du 32 urteko etenaldi hori haustea.
Realaren orain arteko garai arrakastatsuena 1980ko hamarkadakoa izan zen, gizonezkoen futbol taldeak bi Liga, Superkopa bat eta Kopa bat irabazi baitzituen urte haietan.
1980-1981 denboraldiko Liga izan zen talde txuri-urdinak irabazi zuen lehen titulu esanguratsua, Gijonen Jesus Maria Zamorak egindako gol mitiko hari esker. Klubaren historian garrantzitsuak izan diren jokalariak zituen talde hark, hala nola, Luis Miguel Arconada, Roberto Lopez Ufarte, Jesus Maria Satrustegi eta Zamora bera. Titulu horri beste Liga batek jarraitu zion, 1981-1982 denboraldikoa, hain zuzen, jokalari berdinen eskutik. Hurrengo denboraldian ere beste garaipen esanguratsu bat lortu zuen taldeak, Real Madrili Superkopa irabazi zionean.
Hamarkada berean irabazi zuten txuri-urdinek aurreko astebururarte klubaren azken titulua zena: 1986-1987 denboraldiko Kopa. Penaltietan irabazi zion finala Realak Atletiko Madrili, partidua 2-2 amaitu ostean. Da Silvak eta Rubiok sartu zituzten Atletiko Madrilen golak, eta Lopez Ufartek eta Txiki Begiristainek Realarenak. Penaltietan, txuri-urdinek lau sartu zituzten (Bakerok, Mujikak, Begiristainek eta Larrañagak), eta madrildarrek bi baino ez (Rubiok eta Landaburuk).
Belaunaldi berrien garaipena
Aurreko asteburuan, realzaleek berriz ere garaipen batez gozatu ahal izan zuten: beste Kopa bat. Belaunaldi berri askok ez zuten talde txuri-urdina titulu bat altxatzen inoiz ikusi, baina azkenean unea heldu da. Oraingoan, ordea, Kopa ez dute Arconada eta Larrañaga izeneko jokalariek ekarri, Sandra Ramajo eta Nahikari Garcia izenekoek baizik.